Ohar baten bitartez, 40 Minutu Rock jaialdiaren testuinguruan bi eraso sexista salatu zirela adierazi du antolakuntzak. Jai gunean bertan giroa «ona» izan bazen ere, inguruan eman ziren gertakariak, zehaztu dutenez.
Jai giroan milaka pertsona elkartzen diren espazioetan mota honetako erasoak aurreikustearen garrantzia nabarmendu dute 40 Minutu Rock jaialdiko antolatzaileek, «honek suposatzen duen aurrelanketarekin batera».
«Emakumez osatutako brigada feministak antolatu ditugu ingurua zaintzeko egun osoan zehar gaueko ordu txikietara arte. Erasoak salatzeko telefonoa ere 24 orduz egon da gure gain. Erasoen prebentzio eta salaketarako neurriak hartu genituen arren, protokoloa zabalduz, salaketarako telefonoa erabailtzeko deialdia luzatuz eta brigada feministak antolatuz, arazoa errotikoa dela ulertzen dugu», azaldu dute.
Azkenik, Durangoko Plataforma Feministak iluntzeko 20.00etan Andra Marin egingo duen elkarretaratzearekin bat egin dute 40 Minutu Rock jaialdiko antolatzaileek eta bertan parte hartzeko deia luzatu dute.