Joanekoan Mendizorrotzan jokatutako derbiaren oso bestelakoa izan da igande arratsalde honetan Realak eta Alavesek Anoetan jokatu dutena. Babazorroak ziren gaurkoan bolada on bati jarraipena eman asmo ziotenak, eta donostiarrak ziren garaipen premia handiagoa zutenak. Emaitzak, baina, bietan bera; Realaren garaipena.
Bosgarren minuturako bideratu dute neurketa txuri-urdinek. Canalesek atera du kornerra, eta Hector Morenok jaurti du baloia sareetara. Beste ezertarako astirik gabe, segituan iritsi da Realaren bigarrena.
Huts egin dute hamaikagarren minutuan Alaveseko atzelariek eta atezainaren aurrean bakarrik geratu da Bautista. Bere jaurtiketa Pachecok gelditu badu ere, tentu zen Illarramendi aldaratzea aprobetxatu eta bere taldearen bigarrena egiteko.
Hartara, eta bi eta hutseko errentarekin, ongi bideratu du neurketa Realak. Kontrolpean izan du neurketa lehen zatiko azken 15 minutuak kenduta, eta denbora tarte hori baliatu du Alavesek markagailuko errenta murrizteko. Pedraza izan da golegilea, 39. minutuan. Eta izan dute babazorroek binakoa egiteko aukerarik ere, baina zutoinera joan da Sobrinoren errematea.
Atsedenak mesede egin dio Realari eta bestelako aldarte batekin zelairatu da bigarren zatian. Erabat kontrolpean izan du neurketa, batez ere Eusebiok Januzaj atera eta William Jose zelairatu duenetik. Min asko egin du talde donostiarrak erasoko jokaldietan, eta gertu izan dira William Jose bera, Zurutuza edota Oyarzabal neurketa guztiz definitzetik.
Realak hirugarren bat sartu ez izana izan da Alavesen poz bakarra, baina ezin izan dute gasteiztarrek bigarren zati osoan erasoko jokaldi garbi bat bera ere osatu.
Neurketaren xehetasun guztiak, NAIZen webgune berezian.