Martxoaren 8aren atarian, Jasone Agirre eta Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideek agerraldia egin dute parekidetasunaren bidean aurrera egiteko koalizioak planteatzen dituen neurri zehatzak planteatzeko, «emakumeek egun pairatzen duten arrakala iraganeko kontua izan dadila lortzeko». Administrazio publikoan ematen ari diren urratsak aintzat hartu dituzte, baina aurrerapauso horiek sektore pribatura hedatzea ezinbestekotzat jo dute.
Ildo horretan, enpresetan berdintasun ziurtagiria sortzea proposatu du EH Bilduk. «Enpresa guztiak bultzatu nahi ditugu berdintasunaren bidean urratsak ematera; ziurtagiri horrek adieraziko luke enpresa bide horretan ari dela, kontziliazio eta berdintasun planak martxan jartzen dituela, emakumeen parte-hartzea sustatzen duela… eta, bost urteko epean, ziurtagiria edukitzea ezinbesteko baldintza litzateke administrazio publikoan kontratatua izateko», azaldu du Etxebarrietak.
Nabarmendu dute koalizioaren proposamenak industriari begiratzen diola: «Maskulinizatuen dagoen sektorea izanik, emakumeen parte-hartzea sustatzeko plangintza integrala egin behar dela uste dugu, besteak beste, emakumeak ikasketa tekniko eta zientifikoetara erakartzeko eta, baita ere, aztertzeko ea aukera dagoen enpresen administrazio kontseiluetan emakumeek bete beharreko derrigorrezko kuotak ezartzeko».
Era berean, Etxebarrieta pozik agertu da Lakuak, EH Bilduk proposatutakoaren bidean, administrazio publikoan aita eta amen baimenak parekatzeko urratsa egin duelako, baina «harago joan beharra» dagoela aldarrikatu du, baimen horiek enpresa pribatuetara hedatzeko eskatuz.
«Garrantzitsua da kontziliaziorako arazorik handienak egon daitezkeen eremuetan bideak irekitzea; hori dela eta, Jaurlaritzari eskatuko diogu proiektu pilotuak babestu ditzala, gurasotasun baimen parekoak bultzatzeko, berdintasunarekiko konpromisoa erakusten duten enpresetan. Lehenengo urrats bat litzateke, aurrerantzean gainerako enpresetan aplikatu ahal izateko», esan du legebiltzarkide abertzaleak.