naiz

Ercrosek pentsioa handitu beharko dio amiantoak kutsatutako langile-ohi bati

EAEko Auzitegi Nagusiak, otsailaren 6ko epaiean, langile honen eskaera onetsi du, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak segurtasun-neurri faltagatik enpresari ezarritako gainkargua berretsiz. Emakumeak 22 urtez lan egin zuen enpresan, eta 2013an asbestosia diagnostikatu zioten

12 urtez Errenteriako Productos Aislantes, S.A. enpresan lan egin zuen emakume bati pentsioa handitu beharko dio Ercrosek, bere gaixotasunak amiantoarekin lotura duelako. Bere eginkizun nagusia auto-baterietako amianto zuntzez egindako tapak lixatzea izan zen. Gerora, orain kondenatutako multinazionala enpresa hartaz jabetu ondoren, beste 10 urtez jarraitu zuen bertan kalitate-kontroleko zereginetan, 1982an enpresatik atera zen arte. 2013an lanbide-gaixotasunagatik ezintasun iraunkor osoa onartu zioten, ELAk jakinarazi duenez.

Amiantozko produktuak erabiltzen zirela eta segurtasun-neurrik ez zegoela frogatzeko, amiantoarekiko esposizioa duten langileen zerrenda ofizialean eta Osalan eta Lan Ikuskaritzaren txostenetan oinarritu da Auzitegi Nagusia. Ondorioz, lanbide-gaixotasunetik eratorritako prestazioetan %30eko gainkargua ezarri dio enpresari.

ELAk «oso positibotzat» jotzen du epaia, «kausa gehigarrietan auzibidea jarraitzeko beta eman dezakeelako». Era berean, prozedura juridikoak «ez luzatzeko» dei egiten die ELAk enpresei, «biktima eta senitartekoei eragiten dien sufrimendu eta babesgabetasunagatik».

Era berean, amiantoaren eraginpeko pertsona oro animatu du «gaitz sozial larri honen aurkako borrokan» jarraitzera animatu du sindikatuak. Era berean, amiantoaren biktimen kalteak aitortu eta ordaintzeko «konpentsazio-sistema propio bat» eratzeko eskaera berretsi du.