NAIZ

Pablo Milanesek kontzertua eskainiko du Euskalduna jauregian ekainaren 23an

Zortzi urte geroago, kubatar trobadore bikaina Bilbora itzuliko da, ‘Esencia’ biraren baitan kontzertua eskaintzeko. Sarrerak salgai daude dagoeneko eta Euskaldunako txarteldegietan eta webgunean eta Kutxabanken kutxazainetan ere lor daitezke.

Pablo Milanes Euskalduna jauregian izango da.
Pablo Milanes Euskalduna jauregian izango da.

Pablo Milanes Kubako Troba Berriaren ordezkari bikainak Bilbo sartu du ‘Esencia’ biraren baitan eta kontzertua eskainiko du ekainaren 23an, larunbata, Euskalduna jauregian.

Komunikabideetara igorritako prentsa oharrean nabarmentzen dutenez, Bizkaiko hiriburuan azken kontzertua eskaini eta zortzi urte geroago itzuliko da Bilbora, Saguburu Producciones ekoiztetxearen eskutik, eta «errepikaezina» izango den kontzertua eskainiko du, «benetako ereserki bilakatu diren abesti klasikoz osatutako errepertoria jasoko baitu: ‘Yolanda’, ‘El breve espacio en que no estás’ edo ‘Yo no te pido’, besteak beste.

Bere abestiak eta musika eta mundua ulertzeko moduarekin duen konpromisoa dela eta, ezinbesteko artista bilakatu den abeslari, konposatzaile eta poetaz gozatzeko aukera paregabea izango da.

Sarrerak salgai daude jada, 38 eurotik 62 eurora bitartean. Euskalduna Jauregiko txarteldegietan,  webgunean eta zerbitzu anitzeko Kutxabank kutxazainetan eskura daitezke.

Bilbon izan dituen azken emanaldietan Pablo Milanesek sarrera guztiak agortu dituela kontuan izanda, kontzertura joan nahi dutenek ez lukete gehiegi itxaron beharko.

Pablo Milanes hirukote gisa igoko da Euskalduna Jauregiko areto nagusira, Maylin Gonzalez Adamak (txeloa eta teklatuak) eta Ivonne Tellezek (pianoa) lagunduta. Ahotsa gitarrarekin lagunduta, kantautore kubatarrak bere errepertorioko abesti antologikoak eskainiko ditu.

Pablo Milanes Kubako Troba Berriaren sortzaileetako bat da, musikaren mundua irauli zuen, mugak gainditu dituzten eta gaztelaniazko musika unibertsoan ezinbesteko bilakatu duten melodiak eta letrak idatziz.