Independentisak Sareak Iruñean egingo duenaren ildo beretik, EH Baik eta Aitzina gazte erakundeak Aberri Eguna antolatuko dute apirilaren lehenean, Donibane Garazin.
Egunerako aukeratu duten leloak –‘Herriak eraiki, erriak erabaki’– laburbiltzen du egun horretan plazaratu nahi duten aldarria: «Euskal herritar gisa, herria eraikitzeko engaiamenduan berresten gara eta oroz gain, herriak erabakitzea nahi dugu».
Apirilaren lehena «kolektiboki existitu nahi duen herriaren eguna» izatea nahi dutela nabarmendu dute.
Azpimarratu dutenez, «urte luzeetako borrokak» Euskal Herriaren aitortzaren eta «bestelako jendarte baten aldeko egitasmoak» abian jartzea ahalbidetu du. «Erresistentzia eta eraikuntza ibilbide oparoa du Ipar Euskal Herriak», aldarrikatu dute.
Ildo horretan, hainbat adibide ere aipatu dituzte: «biharko herri euskaldunaren oinarriak jartzen dituen Seaska; laborantza-eredu herrikoi eta jasangarria sustatzen duen Laborantza Ganbara ; Tokiko ekonomiaren bidezko garapenaren akuilu den Euskoa edo energia burujabetzaren alde ari den I-Ener… eta aipatu ez ditugun beste hainbeste».
Langileen defentsarako dinamikei, mugimendu feministaren mobilizazioei edota etorkinen aldeko ekimenei erreferentzia ere egin ondoren, «ezberdinen arteko elkarbizitzan oinarritutako euskal Herria» aldarrikatu dute. «Proiektu inklusiboa da gurea, Euskal Herrian lan egiten eta bizi den orori zabalik dena».
Era berean, ez dute ahaztu nahi izan «azken hamarkadetako mobilizazioei esker, Frantses Iraultzaz geroztik, Ipar Euskal Herriak izan duen lehen ezagupen instituzionala» lortu dutela. «Euskal Elkargoa lehen eta azken urratsa da Frantziarentzat. Instituzio berri hau asimilazio koadro bat bilaka ez dadin, Euskal Herriaren biziraupena bermatzeko jendarte justuago bat eraikitzeko, urratsez urrats, instituzio burujabeagoak erdietsi behar ditugu», nabarmendu dute.
«Espainiako estatu antidemokratikoari buru eginez –gaineratu dute–, Kataluniako herritarrek bozkatuko dute. Korsikako herriaren borondatea Frantses Estatuaren ukapenarekin talka egiten ikusi dugu. Independentzia erreferenduma izanen da udazkenean Kaledonia Berrian. Herrien aroa da hau, erabakiaren aroa. Herri orok du bere geroaz erabakitzeko eskubidea eta erabaki hori egikaritzeko zilegitasuna».