Maitane ALDANONDO

Culinary Action! programan parte hartzeko beste aukera bat

Basque Culinary Center Fundazioaren parte den Culinary Action! enpresa-bizkortzaileak programa berri bat hasiko du apirilean. Bertan parte hartu nahi duten elikadura edota gastronomia alorreko «start-up»-ek hilaren 19a arte dute euren hautagaitza aurkezteko.

Bosgarrenez, Culinary Action! (CA!) enpresa-bizkortzaileak elikadura eta gastronomia alorreko start-upei laguntzeko programa berri bat abian jarri du. Basque Culinary Center Fundazioaren parte den erakundeak aholkularitza eta formakuntza saioak eskaintzen dizkie oinarri teknologikoko enpresa berriei. Programa apirilaren 26tik ekainaren 29ra bitartean egingo dute Donostian. Bertan parte hartu nahi dutenek gaur zortzi arte dute euren proiektua aurkezteko, CA!-ren webgunean –http://www.culinaryaction.com– formulario bat beteta. Hilaren 28an jakinaraziko dituzte hautatutako 8-10ak zeintzuk diren.

Fundazioak nekazaritza elikagaien eta gastronomiaren alorreko ekintzailetza sortzea, garatzea eta sustatzea du xedeetako bat. «Ez mundu guztia ekintzaile izan dadin, baizik eta ekintzaileak dituen gaitasunak jarrerak eta konpetentziak sustatzeko asmoz», zehaztu du Jon Etxeberria koordinatzaileak. Helburu horri lotuta sortu zen CA!, askotariko jardueren bitartez hauek lagundu eta babesteko. Hamar-hamabi asteko egitasmoaren bidez, proiektuak ahalik eta gehien bizkortzen saiatzen dira. Horregatik, ezinbestekoa da gutxieneko produktu bideragarri bat eta salmenten lehen neurketa batzuk izatea. Merkaturatze unean egoteaz gain, beste eskakizun batzuk ere bete behar dituzte hautagaiek: enpresa eratua izatea edo programak iraun artean osatzea, lantaldean gutxienez bi lagun izatea, ekintzaile bakarra izateak baldintzatu egin dezakeelako proiektuaren jarraipena; eta anbizioa.

Erakundeko aditu taldeak –sektoreko enpresetako exekutibo arrakastatsuak, aholkularitza enpresak, sektore publikoko eta unibertsitateko profesionalak– aholkularitza teknikoa eskainiko die partaideei; eta halaber, beste ekintzaile batzuen eskarmentuak ezagutu eta kontaktu sareak josteko aukera ere bai. «Talde kudeatzaileak eta ditugun mentoreek laguntzen diegu beraien produktuak ondo dauden frogatzen eta baloratzen merkaturatzerako daukaten estrategia zein posizionamendua egokia den. Eta ezezkoa bada, hobetzen». Era berean, BCCk inguruan dituen enpresekin ere harremanetan jartzen dituzte partaideak, eta hortik akordio bat sortzen bada 8 hilabeteko epean –ikastaroko biak eta ondorengo seiak–, %5eko komisio bat eskuratzen du erakundeak. Bestela, ez du kapitalik inbertitzen ezta jabetzaren portzentajerik jasotzen ere.

Merkatu alor berri bat

Bizkortze programa elikadura industria eraldatu nahi duten oinarri teknologikoko produktu eta negozio ereduei zabalik dago. Interesa erakutsi ohi duten enpresen kopurua urtero nahiko antzekoa da, Etxeberriak argitu duenez. «Foodtech sektorea nahiko berria da, oso ekintzaile gutxik aukeratu izan dute beraien ideia, proiektua edo negozioa martxan jartzeko». Gutxi gorabehera aurkezten diren hiru hautagaitik bat aukeratzen dute. «Horiek direlako gure kapazitateak kontuan hartuta betetzen dutenak. Kontziente izan behar dugu gure asmoa laguntzea dela eta ekarpena egiteko zerbait izan behar dugula».

Aurreko lau urteetan 36 enpresari eman diete laguntza, nahiz eta denek ez duten prozesua amaitu, «beti badaude pare bat edo hiru bidean gelditzen direnak». Gehienak, %75-%85, estatukoak dira; gainerakoak, Hego Euskal Herrikoak. Horietatik 24 inguruk aurrera dihardute; eta modu ez antolatuan bada ere, jarraipena egiten dietela dio Etxeberriak.

Adibide gisa bi ekarri ditu gogora koordinatzaileak. Batetik, bigarren urtean parte hartu zuten David eta Jorge Boleas anaien Fred Cold Brew. Hotzean edateko kafea du produktu nagusi, eta egoitza Bartzelonan badu ere, sustatzaileak nafarrak dira. CA!-k lagundu zien edariaren analisia egiten, iraungitze data luzatzen, produktua bera hobetzen eta estrategia nahiz posizionamendua ere egokitzen. Etxeberriaren hitzetan, «egun lauzpabost herrialdetan saltzen dute. Kafe hutsetik tean oinarritutako produktu gama berri bat izatera saltoa eman dute azken urteetan eta pozik gaude azeleradoran egon direlako». Gainera, oraintsu egindako inbertsio erronda batean 150.000 euro lortu dituela ere aipatu du.

Bestetik, Eskesso. Ekintzaile andaluziar batzuek hutsean janaria prestatzeko makina garatu dute eta iaz jaso zuten CA!-ko laguntza. Horri esker, Adegik antolatutako Konekta Summit jardunaldiko start-up lehiaketan parte hartu zuten. «Produktua aurkeztu zuten inbertsore aurrean eta Euskal Herriko enpresa industrial garrantzitsu batek interesa luzatu zien euren produktua ekoitzi ahal izateko». Beraz, Txinan egiteko asmoa bazuten ere, azken hilabeteetako hartu-emanaren ondorioz, hona ekartzeko aukera dago.