NAIZ+

Elikadura burujabetza, ikasgai

EAThink proiektuaren ikas-ekimen lehiaketa abian jarri da,  ikasgeletan elikadurari buruz egindako hausnarketei bidea eman nahian.

EAThink Ikasle-Ekimen Lehiaketa.
EAThink Ikasle-Ekimen Lehiaketa.

«Ikasleak ere, elikaduraren burujabe» lelopean EAThink proiektuaren ikas-ekimen lehiaketa abian jarri da.

Ikasgeletan elikadurari buruz egindako hausnarketei bidea eman nahi die proiektuak eta horretarako antolatu du ikas-ekimen lehiaketa.

Parte hartzeko, ikasgelan elikadurari buruzko hausnarketa egin behar da lehenbizi, tailerra edo ikas-unitate bat landuz. Ikasitakoa erabiliz, ikaskide, auzokide edo herrikideak kontzientziatzeko ekintzaren bat bideratu behar da ondoren. Ekimena bideoz edota argazkien bidez jaso eta ikas-ekimena azaltzen duen lau minutuko bideo bat muntatu behar da. Azkenik, bideoa Youtubera igo eta eathink2015@euskalfondoa.org helbidera bidali behar da.

Ikasgela irabazleak baserri eskola batean ikasgela osoarentzako egonaldi bat irabaziko du eta bertan euskal baserrietako zereginak ezagutzeko tailerrak burutu ahal izango dira.

Lehen Hezkuntzako, DBH edota Batxilergoko ikasleek parte hartu dezakete, haatik irakasle baten ardurapean aritu behar du ikasgela osoak.

Maiatzaren 27ra arte bidali daitezke lanak eta ordura arte ikasgelentzako laguntza logistiko eta ekonomikoak eskuratzeko aukera izango da EAThink proiektuaren baitan.

Euskal Fondoatik sustatutako ekimenak, gaur egungo elikadura ereduak sortzen dituen interdependentziei, janaria ekoizteko sistema jasangarriei eta maila txikiko nekazaritzari arreta jarri nahi die, betiere, hezkuntza curriculumarekin bat eginez.