Basauriko jaiak bukatzearekin batera adio esaten diote bizilagunek herriko kuttuna den Eskarabilerari, izan ere helioz beteriko puxiken laguntzarekin zerura bidaltzen dute Basauriko jaien ikurra den buruhandia.
Urriaren 15ean amaitu zituzten iazko San Fausto jaiak eta egun horretan jaurti zuten Eskarabilera zeru gainera. Urtarrilean, ostera, Normandiako lurretan agertu zen burua.
Ohiturak agintzen duen moduan Eskarabilera zerura botatzeko ohorea eduki zuen Zigorrak koadrilak ekarri du bueltan etxera eta hain justu, pasa berri den asteburuan egin dute Normandiara joan etorria.
Bertan jakin dutenez, denbora luzea egin omen du Eskarabilerak bertako zuhaitz batean eskegita eta, urte hasieran, neguko haizeak bultzatuta, lurrera erori eta aurkitu zuten.
↪️Gabonetako joan etorriaren ondoren… berriz ere aipatu behar da #Eskarabilera agertu dela Normandian (Frantzian). Denbora luzea egin omen du bertako zuhaitz batean eskegita eta, haizeak bultzatuta, lurrera erori da. Orain Zigorrak taldeak ekarri behar du bueltan #Basauri-ra. pic.twitter.com/ebAB5UOaSm
— Basauriko Udala (@BasaurikoUdala) 2018(e)ko urtarrilak 8
Euskal Herrira itzulita, Eskarabilera tailerrera eraman dute buruan hartutako kolpea artatu eta datorren udazkenean berriz bidaiatzeko moduan egon dadin.
Iaz ere Eskarabilera Estatu frantseseko lurretan erori zela uste dute; haatik, orduko hartan ez zuten haren buruaren berririk izan. Orain artean, urrutien agertu den herrialdea Txekiar Errepublika izan da.