NAIZ
BAIONA

Esnal, Haranburu eta Parot anaien espetxeratzearen 29. urtemugan protestak deitu ditu Bagoazek

Apirilaren 14an hamar elkarretaratze egingo ditu Bagoaz kolektiboak Jakes Esnal, Txistor Haranburu eta Ion eta Unai Parot espetxeratu zituztenetik 29. urtea hasiko denean.

Apirilean 29 urte beteko dira Haranburu, Esnal eta Parot anaiak espetxeratu zituztenetik. (Bob EDME)
Apirilean 29 urte beteko dira Haranburu, Esnal eta Parot anaiak espetxeratu zituztenetik. (Bob EDME)

‘Egun bat gehiagorik ez! Ion, Jakes, Xistor eta Unai etxerat!’ lemapean, hamar elkarretaratze deitu ditu Bagoaz kolektiboak apirilaren 14rako.

Goizeko 11.00etan hasi eta eguerdira arte Baiona eta Donibane Lohizune artean egingo diren hamar kontzentrazio hauen bitartez, Jakes Esnal, Txistor Haranburu eta Unai eta Ion Paroten askatasuna aldarrikatuko du kolektiboak.

Izan ere, apirilean 29. urtea hasiko da espetxeratu zituztenetik. Oroitarazi dutenez, espainiar zein frantziar estatuetan existitzen diren zigorrik «zorrotzenak» ezarri zizkieten: Ion Parot, Txistor Haranburu eta Jakes Esnali bizi osorako zigorra ezarri zien Parisko auzitegiak eta Unai Paroti aldiz, 40 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Goren espainiarrak.

Gainera, azpimarratu du Haranburuk, Esnalek eta Ion Parotek «haien eskubidea den baldintzapeko askatasun» eskaera egin duten bakoitzean ezezko erantzuna jaso dutela, «argudio politiko eta ez juridikoetan oinarrituz».

Baiona, Angelu, Biarritz, Bidarte, Getaria eta Donibane Lohizuneko puntu desberdinetan egingo diren elkarretaratze horiei begira, herrikako banaketa antolatu du Bagoazek eta, hortaz, hitzorduak kontsultatu eta errespetatzeko deia egin dio kolektiboak gerturatzeko asmoa duen pertsona orori.