NAIZ

Pedro Guerra kantautore kanariarra Bilbaopoesian

Pedro Guerra kantautore kanariarrak Angel González poeta asturiarraren omenezko kontzertua eskainiko du larunbat honetan, martxoaren 17an, arratsaldeko 20.00etatik aurrera, ostegun honetan hasiko den Bilbaopoesia jaialdian.

Pedro Guerra
Pedro Guerra

Bilbaopoesia jaialdiak hogei egile inguru jaoko ditu ostegun honetatik aurrera Bidebarrieta Liburutegiko Kulturgunean. Egile horien artean Joan Margarit, Antonio Gamoneda, Olvido García Valdes edo Juan Carlos Mestre egongo dira, besteak beste.

Udalak azpimarratu duenez, musikak ere leku berezia izango du programazioan, Pedro Guerra kantautorearen eskutik, besteak beste. Kantautore kanariarrak kontzertua eskainiko du larunbatean, martxoaren 17an, arratsaldeko 20.00etatik aurrera, Angel Gonzalez poeta asturiarraren omenez. Hil zenetik hamar urte betetzen diren honetan, Guerrak haren poematan oinarritutako errezitaldia eskainiko du. Adiskidetasun eta harreman estua zuten, ‘La palabra en el aire’ diskoliburua argitaratzeko elkarlanean 2003an aritu zirenetik.

‘Pedro canta a Angel Gonzalez’ izeneko kontzertua arratsaldeko 20.00etan hasiko da, eta 10 euro balio duten sarrerak salgai daude dagoeneko Power Recordsen eta Bilbao Kulturaren webgunean.

Beste alde batetik, datorren azteazkenean, martxoaren 21ean, poesiaren Mundu Egunaren ospakizunarekin bat etorriz, Bilbaopoesiak beste errezitaldi bat jasoko du, Hector Alterio (Buenos Aires, Argentina, 1929) antzezle beteranoaren eskutik, José Luis Merlin musikari argentinarrak gitarrarekin lagunduta. ‘Como hace 3000 años’ izenburua daraman egitasmoa aurkeztuko dute.