NAIZ+

Berri Txarrak-en emanaldiaren oihartzuna, ozen sarean

Entzuten ez dena aditzeko deia izan nahi zuen ‘Infrasoinuak’, Berri Txarrak-en azken diskoak. Larunbatean aurkeztu zuen BECen, taldeak inoiz egin duen kontzerturik handienean eta haren oihartzuna ozen entzuten da sarean oraindik, bertatik bertarako testigantzetan.

Gogoangarria izan zen larunbatean Berri Txarrak taldeak BECen eskainitako kontzertua. Munduko zati handi batean hedatu ostean, larunbatean iritsi zen 'Infrasoinuak' azken diskoa sorterrian erakusteko ordua eta taldeak inoiz egin duen kontzerturik handienean aurkeztu zuen.

Hamar mila lagunen aitzinean hiru ordu luzez gogor aritu ziren taularen gainean Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre. Azaroan argia ikusi zuen hamar abesti jasotzen dituen diskoari eskaini zizkioten lehen akordeak. Ondoren, ostera, Berri Txarrak taldeak 1994.urtean jaio zenetik utzitakoa aletu zuten.

Ederra izan zen larunbatekoa, izugarria askorentzat, izan ere erritmo eta zirraraz bete zen BEC aretoa. Zaila da minutu gutxitan hiru orduko kontzertu batek emandakoa laburbiltzea, haatik Gaizka Peñafielek ekoiztu eta YouTuben zabaldu duen bideoa ahalegin ederra da.

Eta sare sozialak bizitakoaren ispilu, eta froga, diren garai honetan, asko izan ziren unea betikotu nahi izan zutenak. Mugikorrak goratu eta kontzertuaren zenbait istant lapurtu zituzten batzuk, bizitakoa BECeko paretetatik kanpo partekatzeko.

Sareetan barrena zabaldutako bideoen artean, taldeak Larragako Maravillas Lanberto gazteari eskainitako kantuaren uneak izan du oihartzun zabalena. Entzuleek, mugikorren argiez baliatuta, agertoki iluna piztu eta Urbizu uneoro lagundu zuten.

Haatik, Berri Txarraken abesti askoren bideoak ere iritsi dira sarera:

Bideoez gainera, hamaika irudi eder ikusi ahal izan ditugu sareetan.

Euskaraz abesten duen talde batek, euskaraz kantatuz munduari bira eman eta etxean 10.000 lagun batzea ez da ohikoa, eta hala sentitu zuten bertaratutakoek.

Aje emozionalaz ere mintzo dira sareetan, kontzertuak eragindakoari hitzik jartzeko zailtasunak agerian utziz.

Urbizu, Gonzalez eta Izagirreren jarrera ere txalotu dute askok, lortutako arrakastaren ostean, beti bezain «gertuko, umil eta jator» agertzeagatik.

Gorka Urbizuk, Galde Izagirrek eta David Gonzalezek zaleen txalo eta berotasuna eskertu zuten kontzetu amaieran. Biharamunean, ostera, sare sozialak erabili zituen taldeak BECen sentitutakoa jarraitzaileei eskertzeko. Barakaldoko kontzertua luzaroan gogoan iltzatuta eramango dutela ere aitortu dute sarean.