Patxi GAZTELUMENDI
BILBO

Loraldia jaialdiaren azken astean bertsoak eta etorkinen ahotsak

Orain arte denetarik ikusi eta entzuteko aukera izan da Loraldian. Literatur emankizunak, bertso saio bereziak edota Bego Vicarioren zinema nabarmendu daitezke egitarau oparoan. Bat-batekotasunari eta etorkinei entzunikotik sortutako testuei erreparatuko diegu honakoan.

Salamancatik gerraostean etorritakoen senidea da Tasio tabernaria. Helmantico tabernan aritzen zen lanean, Martzana kalean. San Frantzisko kalean Bere Barren topatuko dituzu Aouita edo Ali diop, Afrika iparraldetik Euskal Herrira hamarkada batzuk beranduago etorritakoak. Eta beraiek bezala Maroko, Senegal, Kuba edo El Salvadorretik etorritako beste auzokide batzuen lekukotasunak batu zituzten auzoan. Lekukotasun horiek idazleei helarazi zizkieten gero, eta Lutxo Egia, Irati Jimenez, Jon Arretxe, Paddy Rekalde, Sonia Gonzalez, Julen Gabiria eta Fermin Etxegoienek literatur testu forma eman zieten. “Joan etorriak” izeneko irakurraldia prestatu dute orain San Frantzisko auzoan eta datorren martxoaren 22an Sarean aretoan eskainiko dituzte Senegalgo Lamine Diawara musikariaren laguntzaz. Yenbea, seurba, kalabaza edota xilofonoa Euskal Herrira etorritakoen lekukotasunekin batera. Mundu bat Bilboko San Frantziskon.

Bertako auzokidea da Idoia Carramiñana, berak Mar Kareagarekin eta Edu Arnaizekin batera atondu eta prestatu du ikuskizuna. «Auzokideen errealitatea ekarri nahi izan dugu, eta literatur forma eman diogu», adierazi du “Joan etorriak” ikuskizunaz mintzatzean. «Bi belaunaldiren errelatoak izango dira, bi taberna ezberdinetan kokatu ditugunak, 1937ko gerraren ostean Espainiako tokietatik etorri zirenena eta oraintsuago Afrikatik edo Ameriketatik etorri berri direnena». 2017ko udaberriko euskal jairako prestatu zituzten testuak, eta orain auzoko euskaldunek irakurriko dituzte musikari eta dantzari baten laguntzarekin.

Oholtza performancea

Bilboko Beñat Krolem artistak abiatutako proiektu artistikoa da, bat-batekotasuna ikertzen dihardu eta arte ezberdinak uztartuz eskultura eta bertsoa nahasten ditu. Emaitza zuzenean aurkezten duen pieza bat da. Beñaten beraren esanetan, «Oholtza bertsolariaren jardunari toki bat eskaintzen dion eraikuntza aldagaien multzoa da, mugikorra eta artikulagarria». Bat-batean sortzen du berak eskultura ere, ondoan bertsolariak jardunean ari diren bitartean. Datorren ostiralean Alondegian Jone Uria eta Jon Martin bertsolariekin batera arituko da zuzenean eskultura sortzen. Beñat Kromlemek bi bertsolarien gorputzak espazioan modu konkretu batean egituratuko ditu, «bertsolariaren eskulturizazioa bera izango da beraien hitzen oinarri eta bertsoaren elikagaia», artistaren esanetan. Martinen eta Uriaren saioak Beñaten bat-bateko eskultura moldagarria sortuko du. Argi bereziak, material ezberdinek obra bat sortzea dute xede. Eta argiago ikusteko Alondegira hurbiltzea izango da onena.

Loraldiaren azken saioa ere Guggemheim museoan urtero burutzen den bertso saio berezia izango da. “Etorkizunak harrapatuta” Arantxa Urretabizkaiaren testuaren gainean, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi Josu Goikoetxea gai-jartzailearen esanetara arituko dira, eta Joserra Senperena pianistak soinu banda jarriko dio saioari.

 

Bilbronx kaleko kultura eta Euskal Herriko beatbox txapelketa

Loraldiaren edizio ezberdinetan, New Yorkeko Bronx auzoan sortutako kale kulturak lekua izan du orain arte Bilbon. Rap eta hip hopak, street dantzak edota beatbox lehiaketak bat egiten dute “Euskara in da house!” lelopean datorren martxoaren 24rako, larunbatarekin, Bilborock aretoan prestatu duten jaialdian.

Euskara eta kaleko kulturaren adierazpen ezberdinek tokia izango dute Bizkaiko hiriburuan eta gazteenei begirako egitarau bizia atondu dute aurten ere. Santutxuko Dena Bilbao dantza eskolako ikasleen erakustaldiak 19.30ean irekiko du kaleko kulturen festa. Horren ostean Euskal Herriko BeatBox lehiaketa abiatuko dute, aurten hirugarren edizioa duena. Hamabi lehiakide arituko dira, eta hiru saio ezberdinetan gauerdian erabakiko da zein den aurtengo beatboxer onena. Gau berean Bermeoko Gatom raperoa eta Kirrinka Krew abeslari ezberdinek osatu duten hip hop proposamena entzuteko aukera izango da Bilbo Zaharreko aretoan. Gaua doinuz amaitzeko Irundik Selektah Stepi arituko da, eta antolatzaileek sorpresa ugari izango direla iragarri dute. P.G.