NAIZ

Azken urteotako jardunaren balantzea egin eta lan-ildo berriak iragarri ditu Sarek

Azken urteotako jardunari errepaso egin, ondorioak atera eta aurrera begira lan-ildo berriak finkatzeko balio izan dio Biltzar Nagusiak Sareri. Zentzu horretan, maila estatalean «sentsibilizazio eta sozializazio» kanpaina abiatzeko asmoa iragarri du mugimenduak, eta emakumea eta kartzela gaia jorratzen hasteko borondatea ere erakutsi du.

Bego Atxa eta Joseba Azkarraga, Sareren Biltzan Nazionalean. (Jon URBE/FOKU)
Bego Atxa eta Joseba Azkarraga, Sareren Biltzan Nazionalean. (Jon URBE/FOKU)

III. Batzar Orokorra egin du Sarek iragan asteburu honetan. Bertan, besteak beste, barne antolaketari eta urteko helburuei buruzko hausnarketa egin du mugimenduak, eta lan-ildo berriak ezartzeko balio izan dio.

Hausnarketen artean, gizarte zibilaren garrantzia berretsi du Sarek, instituzio eta alderdiei bakearen alde egin dezaten eskaera egingo duen gizarte zibila: «Haien artean konfrontaziorako gaia izateari utzi eta adostasunerako baliagarri izateko asmoz».

Zentzu horretan, urruntze politikarekin amaitzeko eta larriki gaixo dauden presoen askatasuna eskatzeko Nafarroako zein Gasteizko legebiltzarretan eman diren urratsak begi onez ikusten ditu Sarek, eta uste du ETAren epe laburreko erabakiak euskal gizartearentzako «pizgarri» izan behar duela.

Sarek beharrezkoa iristen dio urruntze politikaren amaiera bultzatzeko jarduna sakontzeari, baita larriki gaixo dauden presoen askatasuna eskatzeari ere. Euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen legedia bertan behera gera dadin lan egingo du Sarek, zeinak tortura zantzuak dauden sententzien berrikuspena eskatu duen.

Aurrera begira, baina, lan-ildo berriak ere adostu ditu mugimenduak. Batetik, maila estataleko dinamika indartu nahi du, «sentsibilizazio eta sozializazio» kanpaina bat abian jarriz. Bestetik, emakumea eta kartzelaren gaia jorratzen hasiko da Sare: «Emakume presoek bizi dituzten zigor bikoitzak agerian utzi nahi ditugu».