NAIZ+

Nazioarteko Itsas Festibalak Pasaia abordatuko du maiatzean

Maiatzaren 17tik 21ra 100 itsasontzi inguru eta 400 tripulatzailetik gora elkartuko dira Pasaian, itsas ondarearen nazioarteko jaialdian.

100 itsasontzi tradizional eta historikok hartuko dute parte maiatzean Pasaian egingo den Nazioarteko Itsas Festibalaren lehen edizioan. Zehazki, maiatzaren 17tik 21ra izango da jaialdia eta guztira, 100 itsasontzi inguru eta 400 tripulatzailetik gora elkartuko dira Pasaian, itsas ondarearen nazioarteko jaialdi handi honetan.

Joan den astean aurkeztu zuten prentsaren aurrean eta bideo ederra plazaratu dute jaialdiaren berri emateko.

Tamaina handiko itsasontziak porturatuko dira Pasaian, besteak beste Hermione, –Lafayette markesa Estatu Batuetara independentziaren gerran borrokatzera eraman zuen ontzi frantsesaren erreplika–, Kaskelot –Danimarkan eraikitako 3 mastako ontzia, zineman askotan ateratakoa–, Le Biche –Atlantikoko beladun azken atunontzi tradizionala–, Mater –euskal arrantzaleen tekniketan oinarrituta eraikitako egurrezko azken atunontzia–, Ozentziyo –Hegaluzearen arrantzarako erabilitako Euskal Herriko azken egurrezko atunontzia–, Saltillo –1932an eraikitako balandroa, egun Euskal Herriko Unibertsitatearen Itsas Eskolarena–. Era berean, tamaina txikiagoko ontzi ugarik ere hartuko dute parte festibalean, tamaina txikia izanagatik ondare aldetik garrantzia handikoak.

Galiziak protagonismo berezia izango du Pasaiako badian, izan ere herrialde hau izango da lehen edizio honetako ohorezko gonbidatua. Estatu frantsesetik etorritako ontzi tradizional ugari izango dira Festibalan; etorriko diren 12 ontzi gainera, monumentu historiko gisa izendatuak daude.

Itsas ondarea berreskuratzen diharduten euskal elkarte ezberdinak ezagutzeko aukera ere eskainiko du jaialdiak. Hala nola, Pasaiako Albaolam Euskal Bateleroak, Beduola, Egurrezkoak edota Itsas Egur Haizean.