NAIZ
OIARTZUN

Ekaitzak ekaitz, Gazte Akelarrean parte hartzeko deia egin dute Ernai eta Aitzinak

Hainbat kanpin dena txikituta esnatu da Oiartzun, goizaldeko haizete eta euriteen ondorioz. Eguraldi desatsegina izanagatik ere, eguneko egitarauak bere horretan jarraitzen du aurrera. Horregatik, Gazte Akelarrean parte hartzeko deia luzatu dute Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek.

Akanpalekuaren itxura, larunbat goiz honetan. (TOPATU.EUS)
Akanpalekuaren itxura, larunbat goiz honetan. (TOPATU.EUS)

Goizaldeko ekaitzak ez du Gazte Akelarrearen jarduna baldintzatuko. Haizeteak eta euriak hainbat kanpin denda txikitu dituzte Oiartzunen, baina eguneko egitarauak bere horretan jarraitzen du aurrera, Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek aditzera eman dutenez.

Topatu.eus agerkari digitalaren arabera, ostiral gaueko festaren ondotik haizeak eta euriak esnatu ditu gazteak Oiartzunen. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, baina, 11.00etan amaitzen da haizeteengatik emandako abisu laranja eta egitarauarekin aurrera jarraituko dute.

10.00etan eman zaie hasiera hitzaldiei, eta ekitaldi guztiak leku itxietan egingo dituzte, baita bazkaria ere. 13.00etako Sorginkeria ekitaldia, esaterako, Akeita Gunean egingo dute.

Ekaitzak ekaitz, beraz, Gazte Akelarrean parte hartzeko deia luzatu dute Ernai eta Aitzinak: «Bete ditzagun Oiartzungo bazterrak sorginkeria eta konspirazioz!».