NAIZ
SARA

Hezkuntza Ministerioa, EEP eta Seaskaren arteko negoziaketak, bertan behera

Seaskak «alerta gorria» deklaratu du, datorren ikasturtean 230 ikasle gehiago izango baditu ere Hezkuntza Ministerio frantsesak ez baitu irakasle berririk jarriko. Mobilizazio fase baten irekiera iragarri dute, maiatzaren 4ko arratsalderako ekimen bat deituz.

Seaskako arduradunek Saran egin dute egoera larriaz ohartarazteko agerraldia. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Seaskako arduradunek Saran egin dute egoera larriaz ohartarazteko agerraldia. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Saran egiten ari diren Idazleen Biltzarraren karietara, Seaskak agerraldia egin du ikastolen federazioaren, Hezkuntza Ministerio frantsesaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko negoziazioak bertan behera gelditu direla jakinarazi eta egoeraren inguruko irakurketa egiteko.

Azaldu dutenez, datorren irailean, 230 ikasle gehiago izango ditu Seaskak: 90 gehiago lehen mailetan, beste 90 kolegioetan eta 50 gehiago lizeoan.

Abenduan eta urtarrilean izandako bileretan, ikasle berriak hartzeko bigarren mailako postuak bere gain hartuko zituela esan zien Hezkuntza Ministerioaren menpe dagoen Errektoradutzak. Lehen mailei dagokionez, Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskariak, Pierre Barrierek, 4,5 postu gehiago agindu zizkien. 

Martxoko bilkuran, baina, postu berririk egongo ez dela jakinarazi diote Seaskari, «bilkura eta negoziaketak bertan behera geldituz».  

Egoera honen ondorioz, hiru ikastolatik bi kaltetuak izango direla ohartarazi du Seaskak: «Lehen mailetan 29 ikasleko taldeak izanen lirateke eta lekuka 50 ikasle ere. Lizeoan 39ko taldeak genituzke eta kolegioetan 36, 38 eta 47ko taldeak ere».

Gainera, Euskararen Erakunde Publikoaren datuak aipatuz, gogoratu dute azken 13 urteotan ikastoletan hazkundea %80koa izan dela lehen mailetan, %80koa kolegioetan eta %46koa lizeoan. Tarte horretan eskola pribatu edo publikoak %1 edo %2 hazi direla azpimarratuz, postu berririk gabe egoerari zein erantzun eman diezaioketen galdetu dute.

Hori dela-eta, erakundeen jarrera aldatzea lortzen duten arte, «alerta gorria» deklaratu eta mobilizazio fase baten irekiera iragarri du Seaskak, «zor digutena eskuratu arte».

Herri Urratsera bitartean mobilizazioen lehen fase bat jarriko dute martxan, tokian tokiko ekimenak eginez, eta maiatzaren 4ko arratsalderako protesta iragarriz.