naiz
Baiona

Etxerat: «Prest al dago frantziar Estatua urrunketa politikak eragindako heriotz bat onartzeko?»

Ibon Goieaskoetxea euskal preso politikoaren senideek joan den asteburuan pairatutako istripua salatu du Etxeratek eta frantziar Estatuaren erantzunkizuna azpimarratu. «Bakoitzak onar ditzala egokitzen zaizkion erantzukizunak. Eta Estatu frantziarraren erantzukizuna da sufrimendu honi amaiera ematea».

Ibon Goieaskoetxearen senideek joan den asteburuan izandako istripuaren harira, agerraldia eskaini du Etxeratek Baionan
Ibon Goieaskoetxearen senideek joan den asteburuan izandako istripuaren harira, agerraldia eskaini du Etxeratek Baionan

Ibon Goieaskoetxea euskal preso politikoaren senideek joan den asteburuan Toulouse inguruan izandako istripuaren harira, agerraldia eskaini du Etxeratek Baionan eta frantziar Estatuari egin dio interpelazio zuzena.

Arlesko espetxetik bueltan, jaioterritik 850 kilometrotara, aurrean zihoan kotxeak bat-batean balaztatu eta Goieaskoetxearen senideek ezin izan zuten ekidin. Atzetik zetorren autoak ere senideak zihoazen autoa kolpatu zuen. «Egunerokotasunean erregistratzen diren ohiko istripu baten antzeko kontakizuna da hau. Baina erdizka kontatutako errelatoaz ariko ginateke benetako jatorria eta arrazoiaz hitz egingo ez bagenu: euskal preso politikoen senide eta lagunak beraien bizitza eskubidea gauzatzeko milaka kilometro egiteko behartzen duen salbuespeneko espetxe politika baten errua da», adieazi du Urtzi Errazkin Etxerateko kideak.

Etxeratek interpelazio zuzena egin dio frantziar Estatuari. «Duela hilabete batzuk Europako Parlamentuan espetxe europarretan aplikatutako urrunketa politika kondenatzen zuen ‘Bergeron’ txostena Frantziako alderdi politikoek ia aho batez onartu ostean, frantziar Estatua politika suntsitzaile honen arduradun eta kolaboratzaile zuzena izaten jarraitzen du».

Urteko hirugarren istripua izan da. «Euskal gizarteak irmoki hartutako borondateak, eragile ezberdinez osatutako delegazioaren esfortzuak, Ipar Euskal Herriko elkarte eta kargu publikoek beste eragileekin abiarazitako kontaktuak, tartean Giza Eskubideen defentsan ibiltzen diren eragile zein Barne ministerioarekin batera, frantziar Gobernua egungo espetxe politika aldatzeko bidean lehen urrats lotsatiak ematera behar dute».

«Prest al dago frantziar Estatua bere urrunketa politikak eragindako heriotza biktima bat onartzeko?», galdegin du Errazkinek. «Guk ezin dugu itxaroten jarraitu. Urrunketak ondorio konponezinak eragiten ditu, egunero ondorioak eragiten jarraitzen du, kilometroz kilometro», gaineratu du.

Asteburu honetan beste ehunka senide aterako dira errepidera eta beraien eskubideak gauzatu ahal izateko «arriskuak» hartu beharko dituztela adierazi du. «Bakoitzak onar ditzala egokitzen zaizkion erantzukizunak. Eta Estatu frantziarraren erantzukizuna da sufrimendu honi amaiera ematea».