naiz
Donostia

Akordio Interprofesionalaren inpugnazioaren aurrean grebara deitzea proposatu du LABek

Akordio interprofesionalaren inpugnazioaren aurrean, grebara deitzea proposatu du LAB sindikatuak. «Egoeraren larritasunak eskatzen duena da lan munduan sektore guztietara zabalduko den greba batekin erantzutea», adierazi du Garbiñe Aranburuk.

LAB sindikatuak Akordio interprofesionalaren inpugnazioaren aurrean grebara deitu du. (Gorka RUBIO / FOKU)
LAB sindikatuak Akordio interprofesionalaren inpugnazioaren aurrean grebara deitu du. (Gorka RUBIO / FOKU)

LABek agerraldi bat egin du gaur Donostian, eta Akordio Interprofesionalaren inpugnazioak «berebiziko larritasuna» duela salatu du, «hemengo negoziazio kolektiboari eta lan harreman eta babes sozialeko euskal esparruari argiki eraso egiten diolako».

«Negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe ez dago autogobernuaz edo erabakitzeko eskubideaz hitz egiterik», gaineratu du sindikatuak. Egoeraren aurrean, LABek greba deialdia egiteko proposamen luzatu du. «Egoeraren larritasunak eskatzen duena da lan munduan sektore guztietara zabalduko den greba batekin erantzutea. Estatuko hitzarmena aplikatzen ari diren enpresa horiek beraien asmoetan atzera egin dezaten, estatuko hitzarmenen menpe eremu berririk egon ez dadin eta enplegu duina eta negoziazio kolektiborako eskubidea bermatzeko, erabaki ahalmen osoa eskuratu eta Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraiki ahal dezagun», adierazi du Garbiñe Aranburuk.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, «ezin da autogobernuaz hitz egin negoziazio kolektiborako eskubidea bermatua ez badugu». Zentzu horretan, alderdi politikoak interpelatuko dituzte, Akordio Inteprofesionalaren aldeko defentsa instituzionala egin dezaten. «Negoziazio kolektiboak duen garrantziagatik, negoziazio kolektiborako euskal esparrua, inolako injerentziarik gabe, defendatzeak lehentasunezko borroka» izan beharko lukeela defendatu du.

Inpugnazio honek «alde batetik euskal langileon erabaki ahalmena ukatzen duela» gehitu du. «Bestetik, ordezkaritza sindikalak aldatzen ditu eta prekarizazioa hedatzen du» salatu du.