Maite Ubiria

Sufrimenduari hitza eman, eszenaratzetik aldenduz

Euskal Herriak pairatu duen gatazka luzeak utzitako sufrimenduaren mapa hasieratik presente izan du Bake Bidea-k. 2015ean jada, Parisen antolaturiko konferentzia humanitarioan, bi biktima mintzatu ziren. Gaur arratsaldean «sufrimendu guztiak ulertzeko ariketa xumea» eginen du, bakegileekin batera, Baionan abiatuko den foroan.

Biktimen zeregina minarekin bizitzen ikastea eta gertatu zaiena hobeto bizitzeko erabiltzea da». ETAk 1987ko ekainaren 19an Bartzelonako Hipercor hipermerkatuan egin zuen atentatuan larriki zauritu zen Roberto Manriqueren hitz horiek Frantziako Asanblea Nazionalean entzun ziren 2015eko ekainaren 11n.

Egoitza horretan bildutako ordezkari politiko eta gizarte eragileen aitzinean, «biktimen ehuneko handi batek duen beharrari» ahotsa ezarri zion, atentatuak utzitako zaurien gainean espainiar erakundeengandik «tratu ankerra» pairatu zuen herritarrak. «Legea eskuetan, sufritu duguna beste inork berriro ere pairatu ez dezan» lan egiteko eskaera egin zuen.

Biktima guztiak aitortu behar direla esan zuen, bestetik, 1983an Baionan, Joxi Zabalarekin batera, GALek bahitu eta hil zuen Joxean Lasaren arrebak. Sufrimenduari aurre egin nahian 2008az geroztik beste biktimekin batera eginiko ibilbideari buruz mintzatu ondoren, «esperantzaren haziak ereiteko ardura» eskatu zuen Lasak.

Bien artean eseri zen Pierre Hazan Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak «milaka herritarri sufrimendua eragin dien gatazkaren ondorioak» kudeatzeko beharra nabarmendu zuen. Eta hain zuzen, erronka horri heldu zioten iazko apirilaren 8an armagabetzea bururaino eramateko ardura hartu zuten bakegileek, egun berean presoen eta biktimen aldeko konpromisoa berretsiz.

Frantziako hiriburuan erabilitako moldean jardungo dute, gaur iluntzean antolaturiko foroaren lehenengo saioan.

Orain dela 33 urte GALek hildako “Egin” egunkariko Ipar Euskal Herriko ordezkari Xabier Galdeanoren alabak, Karmen Galdeanok, alde batetik, eta 2000. urtean ETAk hil zuen Joxe Mari Korta enpresaburuaren lagun min Jexux Mari Mujikak, bestetik, beraien bizipenak kontatuko dituzte. Eszenifikazio handietatik aldenduta, «pertsona hauek entzuteko eta ulertzeko nahitik abiatu den ariketa intimista» defendatzen du Anaiz Funosas Bake Bidea mugimenduko kideak.

Bestalde, sarreran hitza hartuko duen bakegile Mixel Berhokoirigoinen esanetan, «arriskutsua da pentsatzea etorkizunari begirako urratsak egitea iraganari mespretxua agertzea dela, horrek blokeoa sortzen duelako».

Horregatik, frantziar Justizia Ministerioak biktimen elkarteetako kideak hartu izana ontzat ematen du bakegileak. Finean, bilera horiek euskal presoen egoera aldatzeko Parisek harturiko erabakiari buruz «azalpenak emateko ekimen gisa» ikusten dituelako.

Zauri zaharrak ez irekitzearekin batera, ez dadila samin gehiago eragin; hori dute kezka nagusietako bat foroaren antolatzaileek. Izan ere, herritar askorentzat sufrimendua iraganeko kontua baino eguneroko kontua dela krudelki erakusten dute hainbat gertakizunek; esaterako, 28 urte kartzelan daraman Ion Kepa Paroti bosgarren baldintzapeko askatasun eskaera ukatu izanak eta Arleseko kartzelan urrunduta dagoen Ibon Goieaskoetxearen familiak izan berri duen auto istripuak.

GAUR

MIGen egoitza (Baiona)

19:40

Sar hitza:

• Mixel Berhokoirigoin, bakegilea.

20.00

Mahai-ingurua

• Jean Pierre Massias, UPPA unibertsitateko irakaslea.

• Julen Mendoza, Errenteriako alkatea.

• Karmen Galdeano, GALek hil zuen Xabier Galdeanoren alaba.

• Jexux Mari Mujika, ETAk hil zuen Joxe Mari Kortaren laguna.

BIHAR

Bellevue (Biarritz)

10.15

«Salbuespenezko neurriak eta zigorren aplikazioa»

• Xantiana Cachenaut, euskal presoen abokatua.

• Phillippe Texie, epaile ohia eta NBEko aditua.

11.45

« Euskal Herriko delegazioa eta Frantziako Justizia Ministeritzaren arteko lan esparrua : bilana eta perspektibak »

• Anaiz Funosas, Bake Bidea mugimenduko presidentea

• Jean-Rene Etchegaray, Baionako auzapeza eta Euskal Elkargoko lehendakaria.

• Jean Noel Etcheverry Txetx, bakegilea.

ETZI

Roland Barthes (Baiona)

11.00

Koldobika Jauregiren «Arbolaren egia » eskulturaren inaugurazioa.