Hatz puntekin ukitzen du Alavesek salbazioa, larunbat eguerdi honetan Getaferen aurka etxean 2-0 irabazi ostean. Jaitsierako postuetatik hamabi puntura, beste lasaitasun batekin egingo die aurre talde babazorroak datozen neurketei.
Neurketa kaskarra jokatu dute bi taldeek eta Alavesek bigarren zatian erakutsitako susperraldiak baino ez du erabaki balantza. Hala ere, norbaitena izan bada Alavesena izan da lehen zatia, aukera garbirik sortu ez badu ere gehiago iritsi baita Guaitak defendatutako atera.
Bigarren zatia hasi bezain pronto aurreradu dira babazorroak markagailuan. 47. minutua zen Laguardiak Munirrek jarritako baloi bat sareetara errematatu duenean. Golak bultzada eman dio etxeko taldeari, eta erabat izan da nagusi ondorengo minutuetan.
Nagusitasun hori markagailuan ere antzeman da, 75. minutuan Munirrek bere taldearen bigarren gola egin duenean, neurketa ia erabat bideratuz. Izan du Getafek azken minutuak baldintzatzeko eta etxekoei lanak emateko aukerarik, baina huts egin du 81. minutuan penaltia Antunesek. Neurketa amaitzear zela, gertu egon da Wakaso bere taldearen hirugarren gola egitetik.
Azkenean, etxean geratu dira hiru puntuak eta oso gertu dauka Alavesek datorren urtean ere Lehen Mailan jokatzeko txartela.
Errepasatu neurketaren xehetasun nagusiak NAIZen webgune berezian.