GARA
BILBO

Berdintasunerako Planari neurri eta bitartekoak falta zaizkiola dio EGABek

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea (EGAB) kritikoa da Emakunderen Berdintasunerako Planarekin: «Asmoekin bat datozen neurri eta baliabideen gabeziak sinesgarritasuna kentzen dio». Erakundeak erantzun du xedeak markatzea dela bere funtzioa.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak (EGAB) uste du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planari sinesgarritasuna kentzen diola bere «asmoekin bat datozen neurri eta baliabideen gabeziak». Hala ere, egokitzat jo du proiektua tramitatzea.

Legegintzaldi bakoitzaren hasieran plan orokor bat onartu behar da, berdintasunaren arloan diharduten botere publikoen jarduna bideratzeko. Emakunde berandu ibili dela kritikatu du EGABek. Premiazko bidetik izapidetzeko eskatu dio Batzordeari eta hala «txostena denbora tarte laburregian egitera behartu» du. Batzordeak faltan eman du «eragile ekonomiko eta sozialen benetako parte-hartzea» eztabaidarako espazioen bidez, baita edukien inguruko «iritzi truke erreal bat egitea ere, ekarpen soiletatik haratago».

Edukiak aitzineko planaren antzekoak direla ere ohartarazi du. Aurreko plan hori, gainera, «ebaluatu gabe gelditu da. Harrigarria eta ulertzeko zaila da hori, ebaluazioa ezinbestekoa baita abiapuntu gisa. Hori gabe irakurleak ez du aurreko planaren emaitzen inguruko inolako erreferentziarik eta, ondorioz, ez daki helburuak zein neurritan bete diren».

Proiektuaren konpromisoan beste ahulgune bat ikusi du EGABek: «Esku hartzeko lerro orokorrak deskribatzen ditu, baina helburuak garatzea Jaurlaritzaren sailen eta erakunde parte-hartzaileen esku uzten du». Batzordearen ustez, neurri zehatzik ez ezartzea planaren gabezia orokor bat da. «Neurri gisa azaldutako jarduerak helburuak dira neurriak baino gehiago».

Honekin lotuta, kritikatu dute testuan ez dela aurrekonturik aipatzen. «Planaren alderdi ekonomikoari buruz eskuragarri dagoen informazio bakarra Memoria Ekonomikoan jasotakoa da. Hau ad hoc egina da, Batzordeak berak eskatuta». Aurrekontuak planak errealitatean eragiteko zer ahalmen duen ideia bat egiteko balio du EGABen ustez.

Azkenik, bizitzako esparru guztietan gizon eta emakumeen berdintasun falta eragiten duten balioak aldatzeko hezkuntzak duen garrantzia nabarmendu du Batzordeak. Hezkuntza esku hartzeko ardatz gisa ezartzea proposatu du, entitate propioarekin, Berdintasunerako Planean ematen zaion ikuspuntu sektorialetik harago. Zehaztu duenez, ardatz berri horrek, hezkuntza komunitate osoa barnean hartzeaz gain, honako alderdi hauei lotutako neurriak aztertuko lituzke: besteak beste, irakasleen prestakuntza, programa eta proiektu zehatzen ezarpena, curriculumaren berrikuspena, eta materialen eta baliabide didaktikoen prestaketa eta edizioa.

Emakunderen erantzuna

Atzoko “El Diario Vasco”-k Emakunderen erantzuna jaso zuen. Erakundearen funtzioa, hain zuzen ere, helburu estrategikoak markatzea dela azaldu zuen, gero arlo bakoitzean garatu beharko direnak. Komenigarri ikusten du instituzio bakoitzak bere jokabidea diseinatzea. Horregatik, Berdintasunerako Planak ez ditu ekintza zehatzak barnean hartzen eta, horrenbestez, ezta aurrekontua ere.