NAIZ+

Madrilen epaitzen ari diren Intxaurrandieta eta Errazkinekiko elkartasuna sarera heldu da

Madrilen dira Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin, 2013an Zubietako erraustegiko lanak geratzeagatik Kontu Auzitegian epaituko dituzte eta. Euskal Herritik, sare sozialak baliatuz, elkartasun mezu ugari igorri dizkiete.

Errazkin eta Intxaurrandietarekiko elkartasuna Azpeitiko kaleetan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Errazkin eta Intxaurrandietarekiko elkartasuna Azpeitiko kaleetan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin Madrileko Kontu Auzitegian epaituak izango dira gaur 2013an Zubietako erraustegiko lanak geratzeagatik. Garai hartan Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari zen Intxaurrandieta eta Errazkin, ostera, ingurumeneko foru diputatu.

Erraustegiko lanen kontratu etetea erabaki zen orduan eta eragindako kalte ekonomikoa Intxaurrandietak eta Errazkinek bere gain hartzea nahi du, egun EAJ eta PSE alderdiek gehiengoa duten GHK-k, denera 40 milioi euro baino gehiago.

Bilduren foru gobernuko kideei elkartasuna adierazteko ekimenak izan dira azken egunetan kalean. Larunbatean adibidez, manifestazio jendetsua egin zuten Azpeitian, Errazkinen herrian, eta datorren iganderako elkartasun ekitaldia antolatu du EHBilduk Azpeitian ere. Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin babestu nahi dituzte 12.30tan abiatuko den ekitaldian. Gaur bertan ere, zenbait kazerolada eta karteladak deitu dira Gipuzkoako herrietan.

Bien bitartean, sare sozialak ere elkartasun agertoki bihurtu dira. Ainhoa Intxaurrandieta bera izan da sare sozialak estreinatzen lehenengoa, asteazken arratsaldean, Madrilera bidean trenean zela, zintzilikatutako mezuarekin.

#DenokGaraAinhoaEtaIñaki traola baliatuz, epaiketaren bidegabekeria salatu eta Errazkin eta Intxaurrandietari elkartasuna helarazteko babes mezuak ugaritu dira sare sozialetan.