GARA
BILBO

Dia supermerkatuetako langileek hirugarren greba eguna egin dute

Hirugarren mobilizazio eguna izan zuten atzokoa Bizkaiko Dia supermerkatuetako langileek. Abenduan egin zituzten aurreneko biak (22 eta 29an) eta aldarrikapenen aurrean zuzendaritzak «entzungor» egin zuenez, kalera itzuli dira beharginak.

10.30ean Barakaldoko Bide Onera plazan elkartu ziren eta bertatik abiatu zuten manifestazioa, Diako saltokietatik pasatuz.

Hiru aldarrikapen nagusi dituzte, eta horietariko bat kaleratzeen aferari dagokiona da, zeina bidegabetzat jotzen duten. Era berean, eta abenduan ohartarazi zutenez, soldatak Bizkaiko hitzarmenean adierazten dena baino txikiagoak dira.

Bestetik, kexu dira bajan, oporraldian edo eszedentzian dauden langileak ordezkatzen ez dituztela-eta. Horren ondorioz, «gehiegizko lan-kargak etengabe jasaten ditugu, eta horrek neurriz gaineko ahalegin fisikoak eskatzen dizkigu».

Azkenik, lanaldiak eta ordutegi aldaketak nahierara ezartzen dizkietela kritikatzen dute.