EAJ agiria kaleratu du ETAren adierazpenari buruzko bere iritzia emateko. «Aurrerapausotzat» jo du «ETAk biktimengana hurbiltzeko eta eragin duen mina aitortzeko egin duen saiakera hau», eta zera erantsi du: «Uste dugu hauxe dela eragin den min bidegabea aitortua izan dadin euskal gizarteak egiten duen eskariari erantzuna emateko saiakera bat».
Horrekin batera, «egoki» jo du «ETAk erabili duen terminologia berria, bere hizkera aldatu izana».
Jeltzaleen ustez, ordea, «ahalegin bikoitz hau eskas geratzen da eta, alderdi batetik ere, onartezina» da. Izan ere, «ETAk biktimak kategoria ezberdinetan sailkatzen ditu, biktima bidezkoak eta ez bidezkoak egongo balira» bezala. «Eta ez daude. Heriotza bakar bat, eraso bakar bat ere ez zen ondo egon, denek eragin zuten min bidegabea, pertsonei eta euskal gizarte osoari». EAJren iritziz, ETA hori «asumitu beharko luke».
«ETAk balorazio bikoitza egin du, neurri bikoitza aplikatu du: biktima batzuei barkamena eskatzen dien bitartean, besteei errespetua baino ez die adierazten. Biktima guztiak berdinak dira. Denek behar dute aitortza eta erreparazioa eragin zaien min bidegabeagatik», nabarmendu du.
EAJk ETA «animatu» du, «hemendik eta disoluziora hurbilduko diren egunera arte, argi eta garbi adieraz dezala biktima guztiek errespetu berbera merezi dutela eta aitor eta deitora dezala bere jardunak eragin duen sufrimendu eta min bidegabe guztia».