Ez da sekula sakea Aimar Olaizolaren dohainik onena, baina pilotari altura emanez eta ezker paretara baztertuz, goizuetarrak min handia egin dio Beñat Rezustari eta Buruz Buruko lau onenen artean izango da bergararrari 22-8 irabazita.
Bergaran jokatutako partidak bi zati oso desberdin izan ditu. Lehenengoan, 10-8kora arte, gauzak estu joan dira eta atzelariak lanak emango zizkiola ematen zuen. Eskuinez ere ohikoak baino pilotakada askoz gehiago joz, Rezustak erakutsi du kantxa osoan jokatzeko dohainak badituela, kolpea eta tantoak amaitzeko gaitasuna batez ere, baina baita espezialista handien aurka aritzeko gabeziak ere.
Zulorik handiena sake-errestoan izan du bergararrak, kantxan non kokatu asmatzea kostatu zaiolako eta Olaizola II.ak min handia egin dio. Denera zazpi tanto egin dizkio lehen pilotakadarekin eta horri esker egin du zuloa markagailuan. Boleaz defendatzea tokatu zaionetan ere, Rezustak behar baina pilota gehiago galdu ditu Rezustak, bere burua markagailuan atzetik ikusi duenean ere presaka aritu da atzelaria eta hor joan zaio partida.
Izan ere, aipatutako 10-8koa sakez lortu ostean, txokoan egindako tanto bati esker sakea berreskuratu baitu Aimarrek eta zuzenean joan da 22. kartoira.
Olaizola II.a: 22
Rezusta:8
Pilotakadak: 150. Iraupena: 34,24 minutu. Markagailua:1-0, 1-3, 4-3, 4-4, 10-4, 10-8, 22-8.
Sakeak: 7 Olaizola II.ak eta 2 Rezustak
Tantoak: 6 Olaizola II.ak eta 6 Rezustak.
Hutsak:0 Olaizola II.ak eta 9 Rezustak.