naiz
Donostia

Hego Euskal Herriko eta Akitaniako unibertsitateek lankidetza hitzarmena sinatu dute

Euskal Herriko Unibertsitateak, Bordeaux Montaigne unibertsitateak, Nafarroako unibertsitate publikoak eta Akitaniako ESPEk lankidetza hitzarmena sinatu dute Eskola Futura proiektua garatzeko. EHUko eta NUPeko Irakasletzako 4. mailako 10 ikasleri edo graduaturi frantsesezko urtebeteko prestakuntza emanen die eta Akitaniako unibertsitateetako 20 ikasleri euskarazkoa, besteak beste.

Hego Euskal Herriko eta Akitaniako unibertsitateek akordioa sinatu dute Donostian. (Eskola Futura)
Hego Euskal Herriko eta Akitaniako unibertsitateek akordioa sinatu dute Donostian. (Eskola Futura)

Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak eta Euskararen Erakunde Publikoekin batera, EHUk, NUPek, Bordeaux Montaigne unibertsitateak eta Akitaniako ESPEk lankidetza hitzarmena sinatu eta gaur aurkeztu dute Donostiako kanpusean.

Euroeskualdeak abian jarritako proiektua da, «irakasle elebidunak izan nahi duten mugako bi aldeetako irakasle ikasketak egiten dituzten ikasleei laguntzeko sortua». Frantsesezko, euskarazko eta okzitanierako ikastaro trinkoak eskaintzen ditu, urtebetekoak edo bi urtekoak, eta izena emateko, prestakuntza hartzeko eta joan etorrietarako gastuak hartzen ditu barnean.

Proiektuaren esparruan, parte hartzen duten lau unibertsitateek lankidetza hitzarmen berezia sinatzea erabaki dute, programaren barneko jarduerak ondo koordinatuta jarduteko. Horretarako, administrazio eta finantza arloan koordinatuta eta erabakiak batera hartzeko gidaritza batzorde batek zuzenduta jardungo dute.

«Aukera paregabea da unibertsitateetako campusen arteko lankidetza sendotu eta areagotzeko. Gainera, ekimenak beste bultzada bat emango dio lurraldeen arteko mugaz haraindiko lankidetzari, estrategikotzat hartutako gaietan, hala nola enpleguan, garraio publikoan eta hezkuntzan, arian arian gero eta osatuago dagoenari», azaldu dute ohar baten bidez.

Programa hiru lurraldeetako hezkuntza erakundeak euren artean gero eta gehiago hurbiltzeko «aukera paregabea» dela adierazi dute eta gazteentzat prestakuntza zein enplegu eskaintza handiagoa sortzeko.

Programak eskaintzen dituen ikastaroek Euroeskualdearen lurraldeko eskola elebidunetan irakasteko behar den hizkuntza maila lortzea ahalbidetuko dute. Besteak beste, EHUko eta NUPeko Irakasletzako 4. mailako 10 ikasleri edo graduaturi frantsesezko urtebeteko prestakuntza emanen die BDX Montaigne Unibertsitatean, eta, ondoren, oposaketak prestatzeko aukera hurrengo urtean Akitaniako ESPEn frantses eta euskara irakasle elebiduna izateko.

Era berean, Akitaniako unibertsitateetako 20 ikasleri (10 hautagaiko bi promozio) euskarazko urtebeteko prestakuntza emanen die EHUren bitartez Zornotzako barnetegian, eta, ondoren, oposaketak prestatzeko aukera hurrengo urtean Akitaniako ESPEn frantses eta euskara irakasle elebiduna izateko ere.

Maiatzaren 15 bitarte dago izena emateko epea.