Naiz

ETAk Euskal Herriari, azken adierazpena [TESTU OSOA]

ETAren agiria.
ETAren agiria.

ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, bere ibilbidearen bukaeraren berri eman nahi dio  Euskal Herriari, ETAko kidegoak Erakundearen ziklo historikoa eta funtzioa amaitutzat jotzeko proposamena berretsi ostean. Erabaki horren ondorioz:

– ETAk bere egitura guztiak erabat desegin ditu.
– ETAk bere ekinbide politikoa bukatutzat jo du. Ez da berriro posizio politikoak adierazten, ekimenak sustatzen eta gainerako aktoreak interpelatzen dituen eragile bat izango.
– ETAko militante izandakoek beste eremu batzuetan jarraituko diote Euskal Herri bateratu, independente, sozialista, euskaldun eta ez patriarkalaren aldeko borrokari, norberak egokien irizten dion tokian, betiko arduraz eta zintzotasunaz.

Frankismoaren atzaparretan itota eta Estatu jakobinoak asimilatuta, Euskal Herria hilzorian zegoela jaio zen ETA eta orain, 60 urte geroago, bere buruaren jabe izan nahi duen herri bat bizi da, eremu eta arlo ezberdinetan askok egindako lanari esker, belaunaldi ezberdinek egindako borrokari esker.

Euskal Herriaren eta estatuen arteko gatazkan ETAk ziklo bat itxi nahi du, biolentzia politikoaren erabilerak ezaugarritu duen aroa, hain zuzen ere. Halere, estatuek tematuta segitzen dute gure herria aurreko ziklo horretan kateaturik mantentzeko, konfrontazio politiko soilean duten ahultasunaz jakitun eta gatazkari bere osotasunean konponbidea emateak ekarriko lukeen egoeraren beldur. ETAk, ordea, ez dio egoera demokratiko horri inongo beldurrik, eta horregatik hartu du Erakundeak erabaki historiko hau, askatasunaren eta bakearen aldeko prozesuak beste bide batetik egin dezan aurrera. 2011n borroka armatua behin betiko uzteko hartutako erabakiaren ondoko segida logikoa da.

Indar metaketa, herri aktibazioa eta ezberdinen arteko akordioak ardatz izango dituen herri prozesu bat eraikitzea izango da aurrerantzean erronka nagusia, bai gatazkaren ondorioei aurre egiteko bai gatazkaren muin politikoari eta historikoari heltzeko orduan. Nazio aitorpena lortzeko erabakitzeko eskubidearen egikaritzea izango da gakoa. Ezkerreko independentismoak Euskal Estatua sortzeko norabidean egingo du lan.

Erdietsi nahi dugun fase historiko berri horren mesedetan hartu dugu, beraz, azken erabakia. ETA herritik sortu zen eta orain herrian urtuko da.

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA! GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA!
JO TA KE INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA LORTU ARTE!

Euskal Herrian, 2018ko maiatzaren 3a

Euskadi Ta Askatasuna