NAIZ
GASTEIZ

Igandean galdeketak dituzten 23 udalerrietako bizilagunei parte hartzeko deia egin diete

Igandean estatus politikoaren inguruan herri galdeketak egingo dituzten 23 udalerrietako ordezkariek dei egin diete bizilagunei, hautetsoentzien bitartez hitza har dezaten.

Herri galdeketak egingo dituzten 23 udalerrietako ordezkarien agerraldi bateratua, Laudion. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Herri galdeketak egingo dituzten 23 udalerrietako ordezkarien agerraldi bateratua, Laudion. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Asteburuan Araba, Bizkaia eta Nafarroako 23 udalerritan herri galdeketak egingo dituzte Euskal Herriaren etorkizunaren inguruan. Hilabete luzez lanean aritu eta gero, agerraldi bateratua egin dute Laudion, udalerri horietako ordezkariek, igandeko zitari begira «indarrak hartzeko». 

«Gure bizitzetan lehen aldiz izango dugu aukera igandean Euskal Herriaren etorkizunaz bozkatzeko. Ez baitigu inork galdetu zer izan nahi dugun, nolako herria nahi dugun», azpimarratu dute, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik hura nola gauzatu jakitera pasatzearen garrantzia nabarmenduz.

«Milaka arrazoi ditugu erabakitzeko, milaka arrazoi elkarri eskua emateko eta milaka arrazoi gure etorkizunaz bozkatzeko», aldarrikatu dute, herrikide guztiei parte hartzeko deia eginez eta ekainaren 10ean beste hitzordu bat dagoela gogoratuz, Donostia, Bilbo eta Gasteiz bilduko baititu giza kate erraldoi batek

Araban Artziniega, Okondo, Aiara, Amurrio, Laudio, Zuia eta Zigoitian jarriko dituste hautestontziak. Bizkaian, aldiz, Igorre, Lezama, Zamudio, Gueñes, Gordexola eta Portugaleten. Nafarroan, bestetik, Doneztebe, Donamaria, Elgorriaga, Ituren, Zubieta, Legasa, Deierri, Lezaun eta Oteizako bizilagunek izanen dute bozkatzeko aukera. Etorkizuna eta burujabetza oinarri, udalerri bakoitzak galdera adostu egin du.

Orain arte 180 herritan egindako galdeketetan ia 177.000 lagun mobilizatu dira eta igandean beste 90.000 pertsona inguruk izango dute bozkatzeko aukera, behin behineko errolda datuen arabera.

Hauteslekuak 09.00etan irekiko dira eta 20.00ak bitarte izanen da bozkatzeko aukera, eta herri hauetako biztanle diren eta maiatzaren 6an 16 urteak beteak dituen pertsona orok eman dezake bozka.

Webgune ofizialean argitaratuko eta eguneratuko dira parte hartze datuak egunean zehar: 13.00ean, 17.00etan eta 20.00etan. Behin betiko emaitzen jakinarazpena 22.00ak aldera egitea aurreikusten da.