NAIZ

Joe Dante zine zuzendaria sarituko du FANT jaialdiak

FANT jaialdiak Joe Dante zine zuzendaria sarituz abiatuko du aurtengo edizioa. Paul Urkijo zinegile gasteiztarra ere sarituko dute hasiera ekitaldian.

Joe Dante zinemagilea. (Bilboko Udala)
Joe Dante zinemagilea. (Bilboko Udala)

FANT jaialdiak Joe Dante zuzendariari emango dio Izarra saria, fantasiazko generoan ibilbide osoa aintzatesten duen ohorezko saria. Beste lan batzuen artean ‘Gremlins’ edo ‘El chip prodigioso’ zuzendu dituen zinegilea gaur goizean agertu da komunikabideen aurrean, Nekane Alonso Kultura zinegotziak lagunduta eta Campos Antzokiko agertoki nagusian, egingo den zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian jasoko du saria.

FANTROBIA saria ere gaur arratsaldean banatuko da eta Paul Urkijok jasoko du. Bere lehenengo film luzea, ‘Errementari’ (2018), estreinatu berri duen zinegile gasteiztarrak Dante-ren eskutik jasoko du saria.

Galaren amaieran, Johannes Roberts zinegilearen ‘Los extraños: Cacería nocturna’ film luzea eskainiko da eta, ondoren, ikus-entzuleek lehiaketara aurkeztutako hamaika euskal film laburrak ikusi ahal izango dituzte.

Joe Danteren ibilbidea

Joe Dante 1946an jaio zen Morristownen, New Jerseyn. Roger Corman mitikoaren faktorian trebatu zen editore gisa, zuzendaritzarako jauzia eman zuen arte, Allan Arkush-ekin batera Hollywood Boulevard (1976) zuzenduz. 1978an bakarrik aritu zen John Sayles hasi berriak idatzitako ‘Piraña’ lanean, eta harekin batera egin zuen lan berriro ‘The Howling (Aullidos)’ (1981) filmean.

1983an arrakastaz betetako lankidetzari eman zion hasiera Steven Spielbergekin, bera zuzendari eta Spielberg ekoizle, ‘The Twiligh Zone’ serie mitikoaren zine moldaketaren segmentuetako bat zuzenduz.

Lankidetza horrek beste lan askorekin izan zuen jarraipena: ‘Gremlins’ (1984) arrakastatsua, haren ondorengo ‘Gremlins 2’ (1990) edo ‘El chip prodigioso’ (1987).