NAIZ

Oraindik sarrerak erosteko aukera dago Europako errugbi finalak San Mamesen ikusteko

Datorren asteburuan Bilbo errugbiaren festa handi bat bilakatuko da. 100.000 lagun espero dituzte maiatzaren 11an eta 12an ospatuko diren Europako kluben arteko finalak ikusteko. Oraindik sarrerak eskuratzeko aukera dago.

Racing 92 taldeko jokalariak Bilboko finalerako sailkapena ospatzen. (@championscup)
Racing 92 taldeko jokalariak Bilboko finalerako sailkapena ospatzen. (@championscup)

Bilbo prestatzen ari da maiatzaren 11tik 12ra errugbiaren festa handienetako bat bilakateko. Maiatzaren 11n, ostiralean, Cardiff Blues eta Gloucester Rugby taldeek Challenge Cup finala jokatuko dute 21.00etatik aurrera, eta maiatzaren 12an, berriz, Champions Cup finala jokatuko dute Racing 92 eta Leinster Rugby taldeek 17.45etik aurrera.

Bi finalak San Mamesen jokatuko dira eta kirol ekitaldiak normaltasunez igaroko direla bermatzeko, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak operatibo koordinatu bat jarri dute abian.

Bilbon egindako agerraldian azaldu dutenez, partidarako sarrerak saltzeari dagokionez, EPCRk markatutako aurreikuspenak soberan gainditu dira. Izan ere, 31.000 sarrera saldu edo erreserbatu dira finala ikusteko. Hala ere, oraindik salgai daude partida ikusteko sarrerak, eta web ofizialaren bitartez eskuratu daitezke.

Bestalde, Leinster Rugby eta Racing 92 taldeek Champions Cupeko finala jokatuko dute maiatzaren 12an eta 49.000 sarrera saldu edo erreserbatu dira.

Karpak zaleentzat

100.000 lagun espero dituzte Bilbon datorren asteburuan eta karpak jarriko dituzte errugbi zaleentzat. Areatzan karpa handi bat izango da ostegunetik iganderarte. San Mamesen inguruan ere gune berezi bat egongo da partida egunetan eta Casilda Iturrizar parkean Universitario Bilbao Rugby Club taldeak gune berezi bat jarriiko du.

Bestalde, hirian zehar errugbiarekin lotutako apainketa ezberdinak ezarri dituzte eta azaldu dutenez, garraio publiko gehiago egongo da eta ostalaritza establezimenduek bi ordu gehiagoz luzatu ahalko dituzte itxiera ordutegiak.