«Bizitza Da Handiena» aldarrikapena berriz loratuko da udaberri honetan, izan ere, maiatzaren 19tik 26ra herritarrei kalera ateratzeko deia egin diete sare sozialen bidez.
«Herritarron kapitalaren aldeko» mobilizazio astea aurreikusten da Donostian maiatzaren 19tik 26ra. Bizipoza eta lozakua eramateko deia egin dute gainera deialdiarekin batera zabaldutako bideoan. Bertan, Donostiako herri mugimendu eta sindikatu ezberdinen mobilizazioen irudiak ikus daitezke, «Borroka sozialen astea», «Badator herritarron kapitala», «Euskal Erregimena kanpora» edota «Herri boterea, denon artean» moduko esaldiak ageri diren bitartean. Bideoa euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez zabaldu dute.
Protesta honek gainera, Donostian egitekoa den Turismoaren Munduko Goi Bilerarekin bat egingo du. Egun horietan, Turismoaren Munduko Erakundeak (TME) gonbidatuta, Gipuzkoako hiriburuan 35 herrialdetako 300 agintari eta ordezkari bilduko direla aurreikusten da. Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko ministro espainol Álvaro Nadalek, eta Lakuaren Gobernuko Turismo, Komertzio eta Kontsumo kontseilari Alfredo Retortillok aurkeztu zuten ekimena.
Data horietan, Turismoaren Munduko Goi Bilerarekin bat eginez, hainbat mobilizazio gehiago daude iragarriak. Tartean, indarrean dagoen turismo ereduaren aurka antolatutako BiziLagunEkin plataformak maiatzaren 25erako deitutako manifestazioa edota ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako Gipuzkoako hoteletako langileen greba.