Haritz LARRAÑAGA

«Eurokorrika» sarea sortu da Bretainiako Redadeg lasterketan

Gaur amaituko da Bretainiako Redadeg VI. edizioa eta ondare esanguratsua utzi du: «Kenperreko deklarazioa». Ondorioz, Europako hizkuntza gutxituen komunitatea ehuntzen hasteko bitarteko berria sortu dute 9 erkidegotako ordezkariek: «Eurokorrika sarea».

Bederatzi hizkuntz komunitatetako ordezkariek maiatzaren 5ean Bretainian argitaratutako adierazpena «hizkuntzen aldeko Europako sarea» ehuntzen hasteko lehen ekimena da. Aitzitik, Euskal Herrian egiten den Korrika eredu hartuta «gonbidatzen dituzte Europako hizkuntza gutxituen komunitate guztiak ekimen hori berenganatzera, beren hizkuntzen aniztasuna eta aberastasuna aldarrikatzeko»; horregatik deitu dute «Eurokorrika» Europa mailan osatu duten sarea.

Euskal ordezkaritza irteeran

Maiatzaren 4an hasi eta gaur amaituko den Redadeg lasterketako lehen kilometroetan AEKko delegazio bat izan zen. Jakes Bortairu Ipar Euskal Herriko AEK-ko koordinatzailea, Asier Amondo Korrikako arduraduna eta Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusia maiatzaren 5ean Kemper hirian izan ziren, hitzaldietan Korrikaren esperientziaren berri ematera gonbidatu baitzituzten; aurrez ordea, korrika egin nahi izan zuten.

Bortairuk azaldu zuenez, «iaz amaitu zen lekutik hasi zen aurtengo Redadeg. Itsasotik iritsi zen lekukoa Benodet kostaldera, eta handik, txalupek inguratuta, ibaian gora abiatu zen belaontzi batean». Euskal delegazioak ere parte hartu zuen. «Ez da hemen adina jende biltzen, baina Kemperren 500 lagun baziren eta guk erosi genuen kilometroa egin genuen» adierazi zuen Bortairuk.

Redadeg, bretoieraz lasterketa esan nahi duena, Euskal Herrikoaren berdin-berdina da. 2008an hasi ziren egiten eta pixkanaka indar hartzen joan da. Lehen edizioan 600 kilometroko itzulia egin zuten eta aurten, berriz, 1.800 kilometro egingo dituzte.

Eurokorrika osatzen duten hizkuntz komunitate gehienek Euskal Herriko eredua hartu dute. «Bretainiakoa, Biarnokoa, edo 2020an Alsazian egingo dutena, Korrika bezalakoak dira. Irlandan ez dute gauez korrika egiten, eta Galesen soilik hiri barnean aritzen dira», esplikatu zuen Bortairuk.

Euskal ordezkaritza amaieran

AEK-ko ordezkaritza bat itzuliko lehen egunetan izan zen modu berean, azken egunetan parte hartzeko ere autobus bat atera zen Oiartzundik. Izan ere, 1994. urtean bi herriak senidetu zirenetik sarri izan dira oiartzuarrak Bretainiako Karaez herrian. «Guk bagenekien Iparraldetik korrika egitera Bretainiara joaten zirela eta hastapenetan antolakuntza lanetan asko lagundu zietela; beraz gu ere animatu ginen», argitu zuen Saioa Ballesteros AEK-ko irakasleak.

Ostegunean ekimen instituzionala izan zuten Karaezko herriko etxean eta, horren ostean, korrika egiteko prestatu ziren. «Ostiral eta larunbat artean bost kilometro desberdin genituen hartuak, Oarsoaldeko AEK, Haurtzaro ikastolak, senidetza taldeak, Iparraldeko AEK eta Oiartzungo Udalak», eman zuen aditzera Ballesterosek.

Gaur amaituko da Plouguerneau hirian Redadeg VI. edizioa eta euskaldunak han izango dira, bretoiak Korrikarako Euskal Herrira etortzen diren modu berean.