Nerea GOTI
MARKINA-XEMEIN

Markina-Xemeinen, jaiak baserriaren eta okelaren zaporeak hartuko ditu gaur

Baserri eta Okela Egunak bertako ekoizleen ohiko azoka zabalduko du goizean, Plazaberripean. Horrez gain, inguruko bildotsekin prestatutako pintxoak dastatzeko aukera izango da, baita lehen sektorearen tradizioa berreskuratu nahi duen herri ekimen bat ere. Jai giroa azokarekin hasiko da eta iluntzera arte zabalduko da Markina-Xemeinen.

Baserri eta Okela Egunak Markina-Xemein hartuko du gaur goitik behera, lurrari lotutako tradizioaren zaporea jarriz eta jai giroa zabalduz. Herriko eta inguruko ekoizleen lana balioan ipintzea helburu nagusia duen hitzorduak hainbat ekimen eta ekitaldi proposatuko ditu etxeko elikagaien saltokiez harago, eta kaleetan musika giroa ahaztu gabe.

Tradizioak, sustraiek eta lurrari lotutako jarduerek biltzen duten jakinduria belaunaldi berrien eskuetan jartzea ere bilatzen du egitarauak, arlo honetan ere kateak etenik izan ez dezan. Horregatik, ohikoa denez, jaia, legatuaren transmisioa eta garai berriak eskutik joango dira egun osoan zehar proposamen ezberdinetan.

“Markina-Xemein, jazo eta erein” leloa du azokak eta laguntzaileen artean herriko tabernariak, inguruko nekazari eta abeltzainak eta Uhagon kulturgunea daude.

Tailerrak, auzolana

Baserrietatik etorritako ekoizleek 10.00etan zabalduko dituzte saltokiak Plazaberripean. Azoka arratsaldeko hirurak arte egongo da zabalik. Gehienak eskualdekoak dira, Eneko Arrate Jai Batzordeko kideak zehaztutakoaren arabera. Hamahiru ekoizle inguru izango dira eta produktu ezberdinak eskainiko dituzte: sagardoa, pastela, ortuariak...

Azokarekin batera gaztetxoentzat tailerrak prestatu dituzte antolatzaileek. Landareak landatzeko sasoian jakin beharrekoa jorratuko dute tailerrotan eta Sustraiak Naturaren eskutik ardi txirrista erraldoia izango da.

Giroan sartuta, eguerdian “Mendi jakintzie berreskuratuz” izeneko ekimena aurkeztuko da Markina-Xemeinen. 11.45ean finkatu dute hasiera ordua. Asmoa da auzolanean mendi jakintza berreskuratzea. «Lea-Artibaiko inguruan mendi jakintza handia egon da, jende asko bizi izan da baserritik, nekazaritzatik eta pixkanaka hori galtzen doa, horregatik auzolan ekimen bat martxan ipintzera goaz urtero-urtero arlo bat lantzeko, eta aurten ikazkinen arloa landuko dugu», azaldu zuen Arratek.

Nabarmendu zuenez, garai batean Markina-Xemeinen eta eskualdean orokorrean ikazkin dexente izan ziren. Hori dela-eta, jarduera horrekin hastea erabaki dute eta urte osorako auzolanean burutzeko plana osatu da. Horrekin batera, udal lursailetan dauden gerra garaiko lubakiak berreskuratu nahi dituzte proiektu honen barruan. «Kristoren altxorra daukagula uste dugu eta berreskuratu nahi dugu», azaldu zuenez.

Salerosketen inguruan eta ekimen berria ezagututa pintxoen janaren ordua helduko da eguerdi partean. Inguruko baserritarrei 27 bildots erosi dizkiete azokaren antolatzaileek bertan erre eta dastatzeko.

Jaia ez da amaituko gaur Markina-Xemeinen azokaren itxierarekin. Arrastiko plana ibiltaria da, 19.00etan hasiko da Itsas-Lurretik eta tabernaz taberna kutsatuko du giroa, Agosti eta Barrena trikitilarien eskutik.

Egunari amaiera emateko Atom Rhumbaren kontzertua prestatu dute Uhagon kulturgunean, 20.00etatik aurrera.