NAIZ+

Mozal Legeak Gasteizen eragindako sei egoera txundigarri, Simpson familiak azalduta

Simpson familiak Mozal Legea aplikatuz gero, Gasteizen gertatu dakizukeen sei egoera aletzen ditu Eleak mugimenduaren bideo honetan.

‘The Simpsons’ telesail ezaguneko irudiak baliatu ditu Gasteizko Eleak/Libre dinamikak Mozal Legeak gasteiztarrengan duen eragina salatzeko. Azken hilabeteetan Arabako hiriburuan gertatutako sei egoera deskribatzen ditu bideoak, harrigarriak diruditen arren egiazki gertatutakoak denak.

Auzo bateko jaietako kartelak ipintzeagatik udaltzainek ezarritako isuna, eraso matxista baten aurrean protokoloa egoki betetzen ari ez zirela esateagatik emakume bati mozal legea aplikatu izana edota taberna bateko bezeroa identifikatzen ari ziren udaltzainei galdetzeagatik tabernariari ezarritako isuna aipatzen dituzte bideoan.

Mozal Legea indarrean sartu denetik, orain bi urte, hura aplikatuta Ertzaintzak 8000 isun baino gehiago eta Gasteizko udaltzaingoak 725 isun jarri dituela salatu du Eleak/Libre dinamikak. Bide horretan, Legea gehiago ez aplikatzeko eta orain arteko isunak bertan behera uzteko eskatu diote Gasteizko Udalari.

«Isun gehienak droga salerosketei edo kontsumoari badagozkie ere, bigarren tokian daude segurtasun indarrei errespetu falta, desobedientzia eta eremu publikoa oztopatzea zigortzen dutenak», diote bideoan eta hauek guztien azken helburua «disidentzia politikoa zigortzea» dela deritzote.

Mozal Legea moduko tresnekin «herritar beldurtu, isil eta sumisoak» bilatzen dituztela iritzi arren,«lege antisozial eta antidemokratiko hauei» planto egitera deitu ditu herritarrak.