Gora Euskal Herria ! #korrika #redadeg ! Euskariz o redek ar c'hm 1554 e Kleder, gourc'hemennoù ! pic.twitter.com/LIeQ6OYfeJ
— Ar Redadeg (@Redadeg) 2018(e)ko maiatzaren 11(a)
Larunbatean eman zituen azken pausuak Ar Redadeg lasterketak. Bretoiera hauspotuz eta plazaratuz gau eta egunez, eta 1.800 kilometro bizkarrean zituela, Plougernen aurkitu zuen helmuga herri lasterketa honek. Azken kilometroetan baina, bretoieraz gainera, euskara ere entzun ahal izan zen. Euskal Herritik hurbildutako ordezkaritza zabal batek lekukoa hartzeko ohorea izan zuen eta keinua eskertuz, megafoniatik euskal kantak jarri zituen Ar Redadeg lasterketako antolakuntzak. Lasteketaren Twitter kontu ofizialak partekatu du unearen bideoa.
Dezente izan ziren Euskal Herritik Ar Redadeg lasterketara joan zirenak. Batetik, aurreko edizio guztietan egin bezala, Ipar Euskal Herriko AEK, kilometro bat erosita, korrika egitera bertatzen delako. Eta bestetik, Karaez-Oiartzun Senidetza taldeak eta Oarsoaldeko AEK-k sustatuta, lasterketararen azken egunak bertatik bertara bizitzeko autobusa antolatu zutelako. Bidaia baliatuz gainera, Oiartzun-Karaezek eta Oiartzungo Udalak euren kilometroa erosi zuten.
Maiatzaren 6an jarri zen bidean Ar Redadeg lasterketaren seigarren edizioa. Kemper izan zuen abiapuntu eta Bretainiako bost departamentuak zeharkatu ostean, larunbatean bukatu zen. Jaialdian, gure Korrikan egiten dugun bezala, eskuz esku ibilbide osoan zehar garraiatutako lekukoan ezkutatutako mezua irakurriz eman zioten amaiera herri lasterketari.
Lasterketaren lehen orduetan gainera, Euskal Herriko Korrika eredu gisa hartuta antzeko ekimenak antolatzen dituzten ordezkariek hizkuntzen aldeko lasterketan Europako sarea osatu zuten. «Eurokorrika» deitu diote sareari.