naiz
Irun

Irungo Alarde parekideak 20 urtetan egin duen lana aitortuko dute hainbat ekimenetan

Irungo Alarde parekidearen 20. urteurrena ospatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte eta hauen bidez «berdintasunaren alde egin den borroka» balioan jarri nahi dute eta Irungo herritarrak, bereziki gazteak, alarde parekidean parte har dezaten animatu. Ekainaren 21ean egingo dute ekitaldi nagusia.

Alarde parekideak 20 urtetan egindako lanaren inguruan hainbat ekimen aurkeztu dituzte. (Alardea)
Alarde parekideak 20 urtetan egindako lanaren inguruan hainbat ekimen aurkeztu dituzte. (Alardea)

Irungo Alardean emakumeek parte hartzen dutela 20 urte betetzen dira aurten eta hori dela-eta, antolatu dituzten ekimenen berri eman dute Alarde parekidearen juntako kideek. Ficoban egindako prentsaurrekoan Inma Landak eta Karmele Tolosak azaldu dute kanpaina.

Hasiera Maite Asensio eta Arantxa Iraola kazetariek idatzitako ‘Alardea, ukatutako plazara’ liburuaren aurkezpenak emango dio kanpainari. 80 lagun baino gehiago elkarrizketatuz Hondarribia eta Irungo alardeetan emakumeek parte hartzearen aldeko borroka nolakoa izan den jaso dute bi kazetariek liburuan. Liburuaren aurkezpena maiatzaren 23an izango da, Irungo Udal Liburutegian, 18:00etan.

Ekitaldi nagusia Ficobako auditorioan eginen dute ekainaren 21ean. Miren Gaztañaga Irungo eszena-zuzendariak gidatuko duen ekimenean, besteak beste, aurtengo Emakunde saria jaso duen Virginia Imaz clownak parte hartuko du. Bertan, urte hauetan alarde parekideari babesa eman dioten pertsona eta erakundeak izanen dira. «Ekitaldiak aitortza-ekitaldia izan nahi du, lortutakoa ospatzeko balio izango duena eta berdintasunaren alde lanean jarraitzeko deia egingo duena», azaldu dute.