Gaurtik hasi eta hilaren 27ra arte «handiena bizitza dela» aldarrikatuko dute 60 herri mugimendu eta sindikatuk babesten duten Bizitza Da Handiena mugimenduko kideek. Agerraldia egin dute larunbat eguerdi honetan, eta bertan eman dituzte ekimenaren inguruko xehetasun guztiak.
Borroka sozialen astea izango da datorrena Donostian. Denbora tarte horretan, «egunero-egunero zapaltzen gaituzten horiei, herritarron gehiengoaren aurka eta gutxiengo baten alde inposatzen dizkiguten politika eta erabakiei» egingo diete aurre. «Turismo eredu suntsitzailea» jarri dute adibidetzat.
«Elkartasunetik, alaitasunetik eta herritik borrokatuz» garatuko dute astea, eta herritar guztiei egin diete dei «bizipoza hartu eta kalera ateratzeko. Etxean eta desanimatuta nahi gaituzten arren, kalea bizi-bizirik dago, bizi-bizirik gaude». Azaldu dute egunero egungo dutela asanblada arratsaldeko 19.30ean.
Eta ekimena garatzeko eraikin publiko bat okupatu dute, Idiakez 6. zenbakian kokatua dagoena. «Eraikin publikoak ez dira administrazioarenak, herritarronak dira. Horregatik ireki ditugu ateak eta diogu astebeteko kanpainak iraun bitartean egongo garela hemen», adierazi dute.
Aurreratu dute, gainera, desalojatuak badira hiriko plazetan akanpatuko dutela: «Beraz, bi aldiz pentsatu dezatela egin behar dutena».