NAIZ
IRUÑEA

Espetxe politika ziklo berrira egokitzeko eskatu du Foro Sozialak Nafarroako Parlamentuan

ETAren ziklo amaierak ireki duen testuinguru berriaren harira, Foro Sozial Iraunkorrak iazko martxotik iragan urtarrilera bitartean preso eta iheslarien egoeraren inguruan egin zuen hausnarketaren ondorioak aurkezteko erronda abiatu du Nafarroako Parlamentuan.

Foro Sozial Iraunkorreko kideak, Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezekin. (Iñigo URIZ/FOKU)
Foro Sozial Iraunkorreko kideak, Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezekin. (Iñigo URIZ/FOKU)

Foro Sozial Iraunkorraren izenean, Expe Iriarte, Teresa Toda eta Jose Luis Uriz izan dira Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarez presidentearekin bilkura egin dutenak.

2017ko martxotik 2018ko urtarrilera bitartean «zio politikoengatik preso edo ihesi dauden pertsonen bergizarteratzea» aztertu zuen Foro Sozialak, horretarako propio Donostian eta Irunen saio bana eginda eta ondorioak ere bi zatitan aurkeztuta, Iruñean eta Donostian.

Ondorio horiek aintzat hartuta, ETAren ziklo amaierak ireki duen egoeraren testuinguruan, erakundeetako ordezkariekin erronda hasi du Foro Sozialak, Nafarrako Parlamentutik abiatuta.

Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos lehendakariei bilera bana eskatzeaz gain, gauza bera egin dute Gasteizko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza Batzordeko presidente den Ana Oregirekin, Nafarroa zein EAEko arartekoekin eta EPPKrekin.

Lehen bilera Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezekin egin dute eta, Teresa Todak esan duenez, azaldu diote «ETAren desagerpenarekin batera ireki den garai berrira egokitu beharko litzatekeela espetxe politika».

Todak gaineratu du gogoeta horrekin bat datozela nola Hego Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta soziala, hala bi lurraldeetako erakundeak.

Baikorki baloratu du Iruñea eta Gasteizko parlamentuetan, zein Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan preso gaixoeii, hurbilketari edota espetxe eskumenari buruz lortu diren akordioak.

Maiatzaren 4an Urkulluk eta Barkosek proposatu zuten batzorde mistoa tresna «egokia» izan daitekeela ere esan du Todak.

«Ez dugu inolako kontraprestazio eta pribilegio estrategiarik defenditzen. Egokitzapen bati buruz ari garenean, egungo espetxe legedia aplikatzeaz ari gara, argi eta garbi», nabarmendu du Todak.

Era berean, aurreratu du datorren asteartean Foro Sozial Iraunkorrak agerraldia egingo duela Sare eta Etxeratekin batera, datozen hilabeteetan landuko duten «presoen gaia konpontzeko urgentziazko agendako puntuen» inguruan mintzatzeko.