Jon ORMAZABAL

«Aimar eta Jokin eredu dira hor gora iritsi nahi duten pilotarientzat»

Amezketako kuadrilla bereko hiru profesional, Haritz Saez de Nanclares eta Eneko Galarza esku pilotariaketa Garikoitz Altuna erremontista –Jokinen osaba– bildu ditugu igandeko final handiaren atarian.

«Hirurok kuadrillakoak gara eta bere garaian ez genuen behar bezala baloratzen hirurok profesionaletara heldu izana, baina denbora pasata, konturatzen naiz ez direla halako kasu asko egon eta gaur egun sekulako balioa ematen diot». Mintzo dena Haritz Saez de Nanclares da, 1998. urtean Aspen debuta egin zuen aurrelaria eta egun Gipuzkoako Pilota Federazioan lanean dabilena. «Gure bizitza hura zen», gaineratu du Garikoitz Altunak, 16 urtez erremontean profesional aritu ondoren begian jasotako kolpe batek 2011n kirola uztera behartu zuenak. Hirukotea beste amezketar batek osatzen du, Eneko Galarzak, Asegarcen lau urte eman ondoren, era ez oso egoki batean enpresatik egotzi zuten atzelariak.

Gaur egun Altuna Anaiak –Imanol eta Garikoitz– izena daraman pilotalekuan bildu ditugu hiru adiskideak, eurentzat oso berezia den txoko batean, herria aztoratu duen igandeko finalaz aritzeko. Saez eta Altunaren jaiotetxeak bertan daude, eskola eta paper fabrikatik oso gertu, eta «denbora librea genuen bakoitzean bagenekien nora joan eta lagunak han izango zirela. Orduan ez zegoen sakelako telefonorik, ezta beharrik ere», aipatu du Altuna II.ak. Iloba du Amezketa bezalako herri pilotazale bat hankaz gora jarri duen Jokin, Altuna III.a, osabei dien begiruneagatik izenean familia tradizioari eutsi nahi izan ziona, nahiz eta aurretik ez zen esku pilotari profesionalik izan. «Jokinen ideia izan zen; ez dakit nola okurritu zitzaion; gu ere pilotan, erremontean, aritu ginela, detaile polit bat izan zen hala jokatu nahi izatea, eskertzekoa, aurretik ere norbait izan zela gogoratzen duena». Joxean Tolosa bera ere pilotaleku honetan bertan entrenatu omen zen orain dela 29 urte, Julian Retegiri txapela irabazi zion urruneko 1989 hartan.

16 urte zituen orduan Aritz Saezek eta gogoan du Atanon bertan egon zela finala ikusten, baita gero Amezketan egin zen ospakizun afarian ere. Bi urte gazteagoak dira Altuna eta Galarza eta Amezketan ikusi zuten herritarraren garaipena. Aurten hirurak izango dira Bilbon, baita Larrunarri pilotalekuan egingo den afarian ere. «Galdu edo irabazi, egindakoa ospatu beharra dago, baina, noski txapelarekin bada, askoz hobeto».

Aurretik bi final jokatuak ditu Altuna II.ak, biak Lau eta Erdikoak, baina Banakakoa berezia da. «Txirrindularitzako Tourra edo futboleko Champions-a bezala», azaldu du Galarzak. «Herrian oso giro berezia antzematen da eta esango nuke ez dela herrikoa bakarrik, herritik kanpoko jende asko ere etorriko da afarira eta Bilbora ere bai. Jokin uste dut ez dela herrikoa bakarrik, inguruko jende askorentzat ere erreferente bat da», azaldu du Aspen ibilitakoak.

Beste askok bezala, hirurek barneratuta omen zuten Jokin izango zela Amezketan Joxean Tolosaren hurrengoa; «agian aurten ez da txapeldun irtengo, baina honaino hain azkar helduko zenik ez genuen espero. Gainera, toperik ez zaio ikusten, hobetzeko asko dauka eta fisikoki ere gora egingo du».

Garikoitz Altuna osaba ere harritu du ilobak. «Retegiren aurka hasi zen eta partida hura irabaztea exijitzen zion bere buruari, baina batik bat Urrutiren aurka ikusi zuen berak ere aukerak bazituela».

«Nik uste Urrutikoetxea dela momentu honetan manomanistarik konpletoena eta beti berea ematen duena. Hura irabaztearekin sinistu genuen denok Jokin oso urrutira heldu zitekeela aurten», azaldu du egun Seguran bizi den Eneko Galarzak.

Altuna III.aren bilakaera horretan, «gehienbat atzetik, bost koadrotik eta pilota eraman behar denean» ikusten dio osabak aldea –«askoz gehiago libratzen du»–, baina Haritz Saezek dio «lehengo urtearen aldean, askoz hobeto sakatzen» duela. Ezkerrez goitik jotzerakoan ere biziago irteten omen zaio pilota; hots, Galarzak dioen bezala, «gorputza egiten joan da eta nik uste gizondu egin dela», nahiz eta 22 urte baino ez dituen.

Debut ilustreak

Baina beste finalistarekin ere badute konexiorik, batez ere Haritz Saezek. 1998an, 25 urterekin, egin zuen debuta, garaipenarekin gainera, Labriten, Apeztegia lagun, Aimar Olaizola eta Almandozen aurka. «Ez zuen orain bezala jokatzen, ezta gutxiagorik ere. Bera gazte-gaztea zen eta botera jokatzen zuen asko, gutxi arriskatuz. Baina handik bi urtera-edo salto handia eman zuen; hasi zen aireko joko horrekin eta figura handia izan da hasiera-hasieratik eta nik miretsi egiten dut, pertsona eta pilotari bezala».

«Aimarrek, gainera, meritu ikaragarria dauka; pilotan aldaketa handi bat egon da, Irujo izan zen buruz burukoa erabat aldatu zuena, eta hau denera moldatu da. Botera klasikoagoa zen eta ikaragarri jokatzen zuen eta era berri honetan ere onenetakoa da, dena dominatzen du», eman du aditzera Eneko Galarzak. Enpresen arteko harremanak orduan oso desberdinak ziren eta ez zuen Aimar Olaizolaren aurka jokatzerik izan, baina 1998ko otsailaren 22an Abel Barriolaren lehenengo aurkaria izan zen, leitzarraren profesional gisako debutean, buruz buruko lehia batean. Asperen eta Asegarceren arteko liskarrak ugariak ziren eta bi lagun amezketarrek ere ez zuten elkarren aurka partida bakar bat jokatzerik izan.

Ezta Ekaitz Saralegirekin, orain arteko azken-aurreko Amezketako profesionalarekin, ere. «Jokinek zorte handia dauka Ekaitz ondoan edukitzearekin, biek hizkuntza bera erabiltzen dute pilotan, elkarrekin oso ondo konektatzen dute, Saralegi ere izugarri pilotaria zen, pilotaz asko daki eta oso ondo eramaten du», diosku Garikoitz Altunak.

Baina, elkarrizketa, ia ezinbestean, igandeko bi protagonistengana itzultzen da. «Jokini infantiletatik ikusten zitzaion bezala pilotaria izango zela –bost urterekin hasi zen–, Aimar ere gaztetatik bere adinekoen artean onena zen eta zaharragoen aurka aritzen zen», baieztatu zuen Saezek.

Pauso bat aurrera emanaz, igandekoa «izan daitekeen finalik politena da» Eneko Galarzarentzat, «bere ibilbideko azken etapan dagoen pilotari baten eta berea hasten ari den beste baten artekoa. Bilboko frontoia txiki geratu da eta nik uste hori dela seinalerik onena».

«Klaserik gehien duten bi pilotarien» arteko dema izango omen da igandekoa, Haritz Saezen ustez, «nahiz eta biak oso langileak diren euren egunerokotasunean. Bi langileenetakoak izango dira, baita kantxa barruan azkarrenak ere».

Hala ere, lan fisikoari ere ez diote muzin egiten, bestela ez dago ulertzerik beteranoenak nola irauten duen, ia 39 urterekin onentsuenen pare edo nola zaildu den Jokin Altuna. «Langileak dira, langile porrokatuak, oso profesionalak, ez dute ezer alferrik egiten. Eguneko dena kontrolatuta izaten dute, zer jan, noiz entrenatu, nola... eredu dira gazteentzat, horra heldu nahi dutenentzat», aipatu du Gipuzkoako Federazioan gazteekin aritzen den Saezek.

Inguru pilotazale batean hezitakoa izateak laguntzen ote duen galdetu diogu Garikoitz Altunari, baina honek oso argi dauka «norberak egin behar izaten duela berea. Bere garaian emango zitzaion aholkuren bat, baina gaur egun denok badakigu zer egin behar duen». Hori bai, oso gertuko pertsona omen da Jokin Altuna eta sarri joaten omen da beraiengana aholku eske edo azken partidan egindako akatsen inguruan galdetzeko. «Entzuten ere badaki».

Prestakuntzaren gaia aipatuta, garaiak nola aldatu diren nabarmendu dute. Altuna III.ak prestatzaile fisiko bat du ia beretzat bakarrik eta adin horretan Saez eta Galarza euren kasa aritzen omen ziren askotan entrenatzen. «Xaltonek –Zabala, Amezketako pilotaren bilakaera ulertzeko ezinbesteko beste pertsona bat– emandako orri batekin aritzen ginen gu prestatzen», gogoratu du Saezek. Amaren aldeko osaba du Xalton.

Egunero aritzen da Zabala oraindik ere herriko pilota eskolan, baina «nahiko lan izango da, ez Jokin bezalako figura bat ateratzen, baizik eta beste pilotari bat ateratzen. Ez dago herriko jubenilik, afizionatuak ere gutxi eta pilota eskola egunero dago. Zikloak dira, Jokinekin goia jo du eta pixka batean behean egon beharko dugu. Ez dakit ba, Saralegiren semeak heldu arte edo ez dakit noiz arte», kexu da Saez.

Eta amaitzeko ezin ba pronostiko bat eskatu gabe utzi. Hirurek asko miresten dute, baina bihotzarekin egin dute. «Aimar izan da pilotarietan nire faboritoena eta aukeratzeko eman balidate ze final nahi nuen, Aimarren aurka eskatuko nuke. Partida on bat izan dadila eta 20-22, 21 ez, ze bihotzekoak emango digu. 19 edo 20ra arte utziko diogu, baina hor geratu dadila», esan du Altuna II.ak.