NAIZ
BARAKALDO

Ortuzarrek galdetu dio Sanchezi ea bere proposamena «serioa» den

Planteamendu «serio eta bideragarria» izatea, Estatu ereduan aldaketak onartzea, Kataluniako autogobernua errespetatzea eta euskal agendarekin interesik baduen argitzea. Irizpide horien arabera erabakiko du EAJk PSOEk aurkeztutako zentsura mozioaren inguruan, alderdiko presidente Andoni Ortuzarrek azaldu duenez.

Barakaldoko Batzokian egin du ekitaldia EAJk. (NAIZ.EUS)
Barakaldoko Batzokian egin du ekitaldia EAJk. (NAIZ.EUS)

Barakaldoko EAJren Uri erakundearen 120. urteurreneko ospakizun ekitaldian izan da Andoni Ortuzar EBBko presidentea. Bertan, besteak beste, PSOEek aurkeztutako zentsura mozioaren inguruan hitz egin du buruzagi jeltzaleak.

Esan du «Euskadi eta herritarrak» izango direla alderdiak zentsura mozioa kudeatzeko orduan jarriko dituen irizpideak: «Sanchezen proposamena aurkeztuko dugu eta gauzak zehatz-mehatz azaltzea eskatuko dugu: ea planteamendu serio eta bideragarria den edo beren interes elektoralistengatik egiten duten».

Era berean, Estatu ereduan aldaketarik egitea onartzen duen galdetuko dio EAJk PSOEri, baita Kataluniako autogobernua errespetatzen duen ere. Euskal agendaren inguruan ere zehaztasunak nahi ditu EAJk. «Galdera horiei guztiei emango dien erantzunaren arabera hartuko dugu guk gure azken erabakia».

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Itxaso Atutxa Bizkaiko Buru Batzarreko presidentea eta Amaia del Campo Barakaldoko alkatea.

Zentsura mozioaz gain, adierazi du Ortuzarrek PPren Gobernuaren aurrekontuak onartzeko orduan «erantzunkizunez» hartu zutela erabakia, onartuz ezin izan dutela lortu aurrekontuen negoziaketetan ezarritako helburuetako bat: Katalunian 155. artikulua altxatzea.