«Umoreak estetika dibergenteak baimentzen ditu, ‘gehiegi’ eta ‘gutxiegi’ guztiak»
Hogeita hamar urte darama inguratzen duen mundua kontatzen, parekidetasunik eza bistaratzen, parean duena xaxatzen. Sudur gorriarekin edo ipuin kontalari, barrea piztu barre egiten duena astintzeko eta dagoen tokitik mugiarazteko.
Virginia Imazek (Donostia, 1962), 30 urte darama “tontakeria” lanbide bihurtuta. Aktorea, clowna, ipuin-kontalaria, gidoilaria... umorearen zapatak jantzita ibiltzen du gure mundu aldrebes hau, «hori jasateko modu bakarra» delako eta hori hankaz gora jartzeko estrategia ona delako. Berriki jaso du Emakunde saria, poz eta asetasun ikaragarriz, egindako lanaren aitortza aparta dela sentitzen baitu.
Zorionak Emakunde sariagatik.
Mila esker. Nik uste dut Emakundek bazuela gogoa fokua, arreta, parekidetasun eza ematen den esparru honetan ere jartzeko. Orain arte eszenaren alorra ez zuen ukitu. Oholtza gainean sekulako lana egiten ari diren emakume asko daude –Maialen Lujanbio adibidez–, baina hor fokua jartzea eta alor horretan emakumeak egiten ari garena nabarmentzea falta zen akaso. Oso-oso pozik nago, oso eskertuta eta oso harro.
Umorearen lanbideari duintasuna emateko modua ere bada, akaso.
Bai, segur aski. Ni hasi nintzenean nire pertzepzioa zen umorea gizonezkoen kontua zela. Ikusten genituen umoregile gehienak gizonezkoak ziren –batzuk oso onak– eta egiten zen umorea oso mardula zen. Beren buruaz barre egiten zuten emakumeak falta ziren, baita kontzientzia feminista zuten gizon-emakumeak ere. Zaila izan zen hastea. Zaila izan zen umorea ez zela niretzat edo umorea ez zela emakumeentzat esaten zuen gezur handi hori eraistea.
Emakumea umorearen jomuga izan delako.
Bai, umorerako gaia edota umorearen biktima izan gara nagusiki emakumeak, ez umore sortzaileak, ezta jasotzaileak ere. Oraindik ere, programatzen den umore gehiena ez dago hartzaile emakumearentzat pentsatua. Gertatzen dena da emakumeak ikasi egin dugula lengoaia bikoitz horretan mugitzen. Sinbolikoan edozer jasotzen dugunean –antzerki lan bat, filma bat...–, itzulpen bikoitza egiten dugu, bidaia hori egiten dugu, nahiz eta berez bidaia heroi maskulinoarentzat bakarrik pentsatua egon.
Emakundek 30 urte eta zuk ere berdin zure lanbidean. Zein harreman izan duzu umorearekin zure bizitzan zehar?
Ni oso ume serioa eta arduratsua izan naiz, gutako emakume asko bezala. Jaso dugun heziketan, gomendatu nahi gintuztenean esaten zuten ‘oso neska serioa da, oso fina, oso arduratsua’. Ni fina ez naiz inoiz izan, basati samarra nintzen, gizentsua... eta hori muturreko seriotasun batekin orekatzen nuela uste dut. Gainera, alaba zaharrena nintzen, amak etxetik kanpo lan egiten zuen eta oso-oso txikitatik oso serioa, oso arduratsua eta oso zaintzailea nintzen. Heldua banintz bezala tratatzen ninduten eta hori niretzako ohore handia zen.
Gerora, kostatu egin zitzaidan seriotasuna-ardura binomioa haustea. Pertsona arduratsua naizela pentsatzen dut, baina nire baitan prozesu bat izan da konturatzea arduratsua izan zaitezkeela, ingurukoak eta ingurunea zaindu ditzakezula, zurruna eta serioa izan gabe. Hori guztia umoretik egin daitekeela konturatzea konkista pertsonal garrantzitsua izan da.
Baina egia da ez naizela izan haur oso umoretsua, eta nerabe erabat dramatikoa izan naiz. Eta oraindik, ez banaiz zaintzen, badaukat dena modu dramatikoan hartzeko joera. Eskerrak horretan nire lanbideak sendatzen nauen.
Pauxak (clown-ak) Virginiari laguntzen dio, eta alderantziz.
Bai, zalantzarik gabe. Clown jolasean muga bat dago: norberari edota besteei mina egitea. Zeure burua zauritzen baduzu edo beste pertsonaren bat zauritzen baduzu, jolasa geratu egiten da. Horregatik, arrisku horiek ekiditeko, oso komenigarria da Virginia hor egotea. Virginiak frenatu egiten du Pauxa eta Pauxak tira egiten dio Virginiari. Virginiak egingo eta esango ez lituzkeen gauzak egiten eta esaten ditu Pauxak. Baina hori guztia xalotasunetik egiten du, maleziarik gabe. Politikoki zuzenak ez diren gauzak esatera ausartzen da eta beti dago plazererako eta jolaserako prest.
Neskato oso serio eta arduratsua, nerabe dramatikoa, clown bihurtzen da. Nola gertatzen da hori?
Niri antzerkia gustatzen zitzaidan eta tragedia existentziala egiten nuen. 19 urte nituela, lagun batek esan zidan clown ikastaro batean izena eman zuela eta ni ere animatzeko. Hasieran ezetz esan nion, txorakeria hutsa iruditzen zitzaidala eta ez nuela erridikulua egingo. Pailazoen inguruko aurreiritzi asko nituen, oso txarrak. Seriotasun gutxikoa eta garrantzi gutxikoa iruditzen zitzaidan. Lagunak esan zidan ez nukeela kritikatu behar ezagutu baino lehen. Eta, egia esan, hori maxima bat izan da nire bizitzan: Lehendabizi gerturatu eta esperientzia ezagutu, eta ezagutza horretatik eman iritzia, ez besteek kontatukoaren arabera. Azkenean, gogo handirik gabe, izena eman nuen.
Izugarri sufritu nuen ikastaro hartan. Ni oso azkar-ustekoa nintzen, oso kontrolatzailea eta ez nuen funtzionatzen clown modura. Baina ikusle bezala, oso-oso ondo pasatu nuen, barre asko egin nuen. Ikastaroa astebetekoa zen eta aste horretan azken urtean baino barre gehiago egin nuen. Noski, izugarri ondo sentitzen nintzen hainbeste barre egin eta gero, eta horren kontzientzia hartu nuen. Hortik aurrera, ahal nuen clown ikastaro guztietara joaten nintzen. Nahiz eta jakin ez nuela abilidade handirik horretarako, barre egiteko asmoarekin joaten nintzen. Bost urtean clown ikastaro ugaritara joan nintzen, bakarrik barre egiteko asmoz. Azkenean, baina, zeozer ikasi nuen eta lasaitu egin nintzen. Bidean Bataclawn konpainia frantsesarekin topo egin nuen eta asteburu bakarrean bost urtean barneratutako guztia azaleratu nuela uste dut.
Eta barruan duzun clown-a esnatu zen.
Estatu frantsesean nengoen. Errazagoa da tentela izatea zure herritik kanpo; hizkuntza, ohiturak eta erreferente kulturalak kontrolatzen ez dituzun toki batean. Testuinguru horretan errazago aritu nintzen eta, batez ere, Bataclawnekoek nire baitan zegoen potentzialtasuna ikusi zuten. Gainera, emakume gehiago zeuden, Estatu frantsesean aurreratuago zeudelako ordurako. Eta bai, han lortu nuen clown bezala eroso sentitzea lehen aldiz.
Aldi berean, dagoeneko feminismoarekin harremanetan nengoen eta susmoaren irakurketa egiten hasi nengoen: Susmatzen hasi nintzen zergatik pentsatzen nuen gai nintzela gauza batzuetarako eta ez beste batzuetarako. Gauza asko daude normaltzat jo ditugunak eta ez direnak egia.
Parean, Jose Antonio Marcos antropologo eta terapeutarekin topo egin nuen. Berak antzerki osasuntsuaz hitz egiten zuen. Bere hitzetan, artistek ardura bat daukagu tribuarekin, komunitatearekin, eta ez dugu berriz programatu behar jendea eguneroko tragedian eta melodraman. Bere ustez, munduan egoteko modurik ez gaixoena –ez derrigorrez osasuntsuena– clown tonua da. Horrek begiak zabaldu zizkidan, esnatu egin nintzen. Tragedia utzi nuen eszenan eta komediarekin hasi nintzen.
Akordatzen zara lehen aldiaz?
Bataclawneko ikastaro horren baitan izan zen, Belgikako jaialdi batean, udan. Orduan ere emakume gutxi ginen taldean; 30etik zortzi inguru. Irakasleak esan zuen emanaldi bat egingo genuela eta nik parte hartzea nahi zuela. Nik ez neukan batere garbi. Esperientzia handiko pailazo batekin jarri ninduen, 50 urteko ibilbidea zuen aparteko artista batekin. Inprobisazioak oso ondo funtzionatu zuen. Ni konbentzituta nengoen meritua beste pailazoarena zela, baina nonbait jendeak nirekin barre egin zuen.
Bukatu genuenean, oso adin nagusiko emakume bat hurbildu zitzaidan, erabat hunkituta: ‘nire bizitzan ikusten dudan lehen emakume pailazoa zara. Jainkoak urte askotako osasuna eman diezazula, sekulako dohaina daukazu-eta. 30 urte baino gehiago zen ez nuela horrela barrerik egiten’. Benetan ukitu ninduen emakume hark esandakoak eta zerbait muntatzeko gogoz itzuli nintzen Euskal Herrira.
Gainera, nirekin emanaldia egin zuen pailazoak udan bere zirkuan parte hartzeko aukera eman zidan. Zortzi emanaldi izan ziren zirku txiki batean eta izugarri ondo pasatu nuen. Hor saltoa eman nuen. Konturatu nintzen barre eginarazteko gai nintzela eta horrek ondo sentiarazten ninduela.
Sasoi hartan sortu zenuten Oihulari Clown?
Urte pare bat lehenago sortu genuen Oihulari, euskal mitologiako ipuin batzuetan oinarrituta. Hasieran Oihulari Antzerki taldea zen eta gero bihurtu zen Oihulari Clown, ipuinetan eta clown-ean espezializatu ginenean.
Apustu garrantzitsua.
Bai, egia da. Baina ni orduan irakasle lanetan nenbilen eta clown-a zaletasuna zen, ez zen nire lanbidea. Horrek erabakiak hartzeko askatasuna eman zidala uste dut.
Gainera, banuen barruan beste zera bat. Antzerki munduan egindako ikastaro batean, irakasle batek esan zidan oso ona nintzela baina inoiz ez nintzela pertsonaia nagusia izango. Ni gizena nintzen eta ez neukan pertsonaia nagusia izateko gorputzik.
Bitxia da. Sudurrari esker sortu ditudan emanaldi guztietan pertsonaia nagusia izan naiz, zalantzarik gabe. Umoreak estetika dibergenteak baimentzen ditu, jende zaharra baimentzen du, emakume gizenak, izugarri argalak, altuegiak direnak eta baxuegiak... umoreak ‘gehiegi’ eta ‘gutxiegi’ guztiak baimentzen ditu. Eta ni hor sartu naiz, bete-betean. Umoreak benetan baloratzen du aniztasuna; aberatsa eta ikusteko interesgarria den zerbait bezala ikusten du.
Umoreari, jendartea eraldatzeko tresna modura, nahikoa garrantzi ematen al zaio?
Baietz uste dut. Alde batetik hori oso garbi duen jendea dago. Ez bakarrik umoreak, baizik eta arteak eta kulturak orokorrean imajinario kolektiboa deskolonizatzeko daukaten gaitasunaren oso jakitun dira. Horregatik, horri aurre egiteko sistemaren estrategiak askotarikoak dira.
Kontatzen dutenez, bigarren Mundu Gerran Mussolinik toki publikoetan barre egitea debekatu zuen. Erresistentziako batek esan omen zuen, ‘faxistek gerra galdu dute. Ezingo dute galarazi jendeak barre egitea’. Umorea baita zorigaiztoari eta boterea duen horri aurre egiteko dugun modu bakarra.
Pentsa Euskal Herrian zenbat barre egin dugun lubakietako umorez, erresistentziako umorez. Batzuetan, ez baduzu barrerik egiten, ezinezkoa da aurrera egitea.
Umorea, sufrimendua jasangarri egiteko.
Iruditzen zait hemen, gure herrian, askotan erruarekin egiten dugula barre. Familietan min handia dago, pilatutako sufrimendua. Gure etxeetan beti falta da norbait –errefuxiatua, kartzelan dagoena, hil zena...– eta badirudi barre egitea traizio bat dela, desleialtasuna. Bakoitzak ahal duena egiten du bere familian zauriak gozatu eta bakea lortzeko, baita pailazoek ere. Gure herriak eman dituen pailazo apartek –eta asko eman ditu–, ondo dakite hori.
Sistema jakitun da umoreak duen indarraz, horregatik ahalegintzen da fribolitate bat dela sinetsarazten, infantilizatzen, garrantzia kentzen... Horregatik Oihulari Clownetik betidanik aldarrikatu dugu umorea eta ipuinak, umeentzat ez ezik, helduentzat ere badirela. Guztiok behar dugu poesia eta umorea eta bi gauzak horiek kontzientzia hartzen laguntzen digute beste toki batetik. Metaforarekin erresistentzia asko gainditzea lortzen dugu.
Estatu espainolean titiriteroak jazarri eta abeslariak kartzelan sartzen dituzte.
Sekulako astakeria iruditzen zait, atzerapauso ikaragarria. Adierazpen askatasuna dago, baina batzuentzat bakarrik. Salatzen dut eta gogor kondenatzen dut.
Horrelakoek zuen lana baldintzatzen al dute?
Pentsatzen dut baietz. Seguru egon jende asko dagoela orain beldurrez, gauza zenbait esateko edo sareetan beren lana partekatzeko beldurrez. Nire kasuan, egiten dudana oso efimeroa da, asko inprobisatzen dut... Horrez gain, nahiz eta oso haserre egon eta salatzeko asmoa izan, hori guztia clown kodetik egiten dut, oso modu xaloan.
Guk badugu araua: Ez kritikatu salbatu ezin duzun inor. Oso erraza da agintariak eta desberdin pentsatzen dutenak kritikatzea. Baina gure kodean geure buruaz barre egiten dugu, eta horretarako arrazoiak soberan ditugu beti. Adibidez, nik agintari bati barre egin nahi badiot, nire baitan topatzen dut kritikagarria iruditzen zaidan ezaugarri hori eta nik neure buruaz barre egiten dut. Eta jendeari hori iristen zaio.
Tira, baina hala ere 30 urteotan zazpi zerrenda beltzetan egon naiz.
Zerrenda beltz ofizialetan?
Bai, bai, oso ofizialetan. Akordatzen naiz Galizian gertatu zitzaidana. Osasun jardunaldi batzuetan parte hartu nuen, gazteen artean haurdunaldi ez desiratuak ekiditeko prebentzioan lan egin nahi zuen talde batek antolatuak. Nerabezaroko haurdunaldietan zenbaki izugarriak zituen Galiziak orduan. Alderdi Popularra zegoen agintean eta hark inposatu zuen jardunaldien inaugurazioan beren kordako mediku batek parte hartu behar zuela. Mediku hura erabat atzerakoia zen eta bere mezua garbia izan zen: gazteek abstenitu egin behar dute. Ikuspuntu pedagogikotik sekulako astakeria iruditzen zait. Ostrukak bezala burua lurraren azpian sartu eta arazoa ikusi nahi ez izatea. Nerabeek, berriz, justu kontrakoa behar dute; gure babesa, aholkularitza, laguntza...
Une horretan ‘enperadorearen jantzi berriaren sindromea’ sufritu nuen eta enperadorea biluzik zegoela esatera ausartu nintzen. Alegia, mediku hark esandakoak astakeria hutsak zirela, beste garai batekoa zela eta ez zela ari ezertaz enteratzen. Horrek ondorioak ekarri zizkidan eta zerrenda beltz batean sartu ninduen.
Sei-zazpi urte beranduago, Hezkuntza Departamendutik deitu zidaten Santiagon jardunaldi batzuetan parte hartzeko gonbita eginez. Deitu zidan teknikariari esan nion nik gustura parte hartuko nukeela, baina ez nuela uste utziko ziotenik. Harrituta geratu zen. Hori ez zela posible eta begiratuko zuela esan zidan. Handik egun batzuetara deitu zidan erabat lotsatuta zegoela esanez. Baietz, egia zela, Galizian betoa jarria nuela.
Hogeita hamar urtean normalean horrelakoak eskuin muturreko alderdiekin gertatu izan zaizkit. Hala ere, ez jende guztiarekin, sektore horren baitan ere denetarik dagoelako. Badago eskuin muturraren barruan umorea lasaitasunez toleratzen duen jendea.
Desberdin bizi du umorea eskuinak eta ezkerrak?
Nik bromatan esaten dut –eta sekulako mina ematen dit esan behar dudanak, ezkerrekoa eta abertzalea naizelako– ezkerreko jendea hain umore txarrez, hain haserre eta hain erreta dagoenez, batzuetan eutsi egiten duela umorearen aurrean.
Aldiz, ultrakontserbatzaile askok hain bizimodu ona daramate, hain erlaxatua eta pribilegioz betea, errazago barre egiten dutela. Bizitza hain ondo doakie desparekotasunari esker, lasai barre egiteko moduan daudela. Tamalgarria da, baina hala da.
Jende guztiarentzako umore senaren aldekoa naiz ni. Baina, era berean, umore senak ezin ditu haserrea eta desadostasuna tapatu. Une batzuk aldarrikatzeko uneak dira, zalantzarik gabe. Sutan jartzen nau norbaitek ‘ez da horrenbesterako’ esaten duenean. Barkatu, gure lana jokoan badago, gure nortasuna jokoan badago, gure askatasuna jokoan badago, haserrea ahal dugun moduan aldarrikatuko dugu eta badugu amorrualdirako eskubidea ere.