NAIZ

EH Bildu: «Landako sutetik urtebete igaro da eta Udal Gobernuak ez dio ekin Zorrotzako plan integralari»

Aitziber Ibaibarriaga, EH Bilduren Bilboko bozeramaileak, Landako sutea gertatu zenetik urtebete igaro dela gogoratu du eta Udal Gobernua kritikatu du neurriak modu eraginkorrean ez hartzea leporatuz.

Zorrotzan gertaturiko sutetik urtebete igaro da. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Zorrotzan gertaturiko sutetik urtebete igaro da. (Monika DEL VALLE / FOKU)

«Urte bat bete da hiriaren errealitatea agerian utzi zuen sutea gertatu zenetik. Batzuek ezkutatu nahi duten bretxa sozial eta urbanistikoa agerian geratu zen», salatu du Aitziber Ibaibarriagak komunikabideetara bidalitako ohar batean. 

EH Bilduren Bilboko  bozeramailearen ustez, gertaera larri bat gertatu behar izan zen instituzioek zerbait egiteko. «Familia bereko bost pertsona hil ziren sute horretan. Ordura arte Udal Gobernua ez zen hasi kudeatzen aurreko bi hamarkadetan kudeatu beharrekoa. Sute larria gertatu arte ez ziren hasi egoera txarrean dauden etxebizitza batzuen inguruan neurriak hartzen», salatu du Ibaibarriagak.

Bilboko EH Bilduk gogoratu duenez, gaur egun oraindik eraitsiak izan ez diren bi eraikin daude zonalde horretan. Egoera horren aurrean, EH Bilduren udal taldeak beste behin eskatu dizkio Udal Gobernuari neurri definitiboak hiriaren gune horretarako.

«Orain arte ez dute abian jarri modu serio batean Zorrotzarako plan integrala. Hori bertako auzokideek ulertzen ez duten erabaki onartezin bat da eta horrek haserrea sortzen du egoera hobetu ez den auzo batean», salatu du Aitziber Ibaibarriagak oharrean.

2017ko maiatzean Zorrotzako Landan gertaturiko sutean familia bereko bost lagun hil ziren.