NAIZ
BAIONA

Behar dituen irakasle postuak aldarrikatzeko 32 elkarretaratze egingo ditu bihar Seaskak

Datorren ikasturtea «baldintza duinetan» hasi ahal izateko behar dituen lanpostuak bete daitezen exijitzeko Ipar Euskal Herriko 32 herritan elkarretaratzeak egingo ditu Seaskak bihar, eguerdian eta arratsaldeko 18.00etan.

Milaka lagun bildu zituen Seaskak maiatzaren 4an Baionan egin zuen danborradan. (Bob EDME)
Milaka lagun bildu zituen Seaskak maiatzaren 4an Baionan egin zuen danborradan. (Bob EDME)

Maiatzaren 4an Baionan izan zen danborradak eta milaka lagun bildu zituen Herri Urratsek Seaskaren aldarriak ozen plazaratu zituen arren eta Ipar Euskal Herriko hautetsiek aho batez sostengua adierazi dioten arren, elkarteak salatu du Hezkuntza Ministerio frantsesak ez duela 2018-2019 ikasturtea «baldintza duinetan» has dadin aldaketarik egin.

Seaskak eskatzen dituen 25 lanpostuen aurrean eta Euskararen Erakunde Publikoak gutxienez hamabost lanpostu behar direla dioen arren, Hezkuntza Ministerioak berdin jarraitzen duela, ikasle kopuruaren bilakaera kontuan hartu gabe eta 5,5 lanpostu besterik ez ditu eskaintzen, Pierre Barriere ikuskariak Herri Urratsen 4 izango zirela esan zuen arren.

Hori dela-eta, mobilizatzen jarraituko du Seaskak eta bihar dute aurreneko hitzordua. 36 ikastola dauden 32 herritan egingo dituzte elkarretaratzeak, batzuetan eguerdiko 12.00etan eta beste batzuetan arratsaldeko 18.00etan.

«Ikusiz Parisek ez gaituela entzuten, ordezkariek erabaki dute lehen mobilizazio hau antolatzea. Lehen hitzordua da eta aste honetan gauzak mugitzen ez badira beste mobilizazio bat prestatzen ari gara. Informazioa emanen dugu laster», azaldu du Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak, Kazetak berri eman duenez.