GARA
BILBO

Eskulturaren ohiko kontzeptua eraldatzen du Ion Macarenok «Displacement» erakusketan

BilbaoArte Fundazioak «Displacement» erakusketa berria zabaldu du Ion Macarenoren eskutik. 2017an egoiliar izandako artista bilbotarrak nagusiki eskultura lantzen duen proiektua aurkeztu du.

Bilboko Udalaren arte produkzio zentroak ekoizpen propioko erakusketa honen ateak zabalik izango ditu ekainaren 15era arte. “Displacement” erakusketan 3D teknologia gehitzen zaio Ion Macarenoren lanari, eskulturaren ohiko kontzeptua eraldatuz eta aldaketa tekniko baten beharra planteatuz.

Eskultore bilbotarraren lanaren ardatza hiri espazioa da, eta hiritarren sormen adierazpenaren eta beharren eraginez jasaten dituen eraldaketak. Horregatik, bere lanetan interes eta erreferentzia horiek islatzen saiatzen da, berdin dio bere piezaren bat izan ala 3D euskarrian sortutako proiektu bat. Horrela, erakusketa honetan aurkezten dituen ikus-entzunezko obren jokalekua hiriko bizimoduak berezkoak dituen aisialdirako guneak dira, jarduera zehatzak gauzatzeko prestatu diren altzariak, helburu konkretu bati erantzuten diotenetakoak. Askotan kirol jardueretarako gordetzen diren horiek, eta definitzen dituzten jarduerekin betetzea espero direnak. Saskibaloi kantxak, futbito zelaiak, frontoiak, korrika egiteko bideak, baita hauek osatzen dituzten elementu arkitektonikoak ere, esaterako, hesiak, eskailerak, aldapak, lauzak, bankuak, kale-argiak eta abar, artistak sustatzen duen imajinarioaren parte dira.

Hiri altzarien berregokitzapenean daukan interesak bultzatuta, horiek sortzeko prozeduretan arreta jarri du artistak, baita 3D euskarri digitalean egiteko pausoa eman ere. Izan ere, “Displacement” izenburuak berak modelatze digitalerako tresna garrantzitsuenetako bati egiten dio erreferentzia. Ikus-entzunezko edizio eta ekoizpen softwareen demokratizazioak tresna hauekin esperimentatzeko ahalmena eman dio Macarenori lan berri hau osatzean.