NAIZ
SENPERE

Bruno Le Maire ministroaren Senpereko etxera eraman du irakasleen aldarrikapena Seaskak

Seaskako ikasle, guraso eta irakasleek piknika egin dute, protesta gisa, Bruno Le Maire frantziar Ekonomia eta Finantza ministroaren etxe aurrean, Senperen, heldu den ikasturterako behar dituzten irakasle postuak aldarrikatzeko.

Seaskako guraso, irakasle eta ikasleak, Bruno Le Maire ministroak Senperen duen etxearen aurrean. (@Maite_Ubiria)
Seaskako guraso, irakasle eta ikasleak, Bruno Le Maire ministroak Senperen duen etxearen aurrean. (@Maite_Ubiria)

«Kasu, ikastola kexu» aldarrikapena Bruno Le Maire frantziar Ekonomia eta Finantza ministroak Senperen duen etxe atarira eraman dute gaur Seaskako guraso, irakasle eta ikasleek, behar dituzten irakasle postuak exijitzeko. 500 pertsona baino gehiago elkartu dira.

Senpereko pilota plazatik abiatu da martxa zaratsua mendi aldera, han baitu ministroak bere oporretako etxea. 

Bidean gora jendarmeak topatu dituzte, baina ez diete bidea oztopatu eta gora jarraitu dute. Hiru ordu laurdenen buruan iritsi dira Le Maire-ren etxera. 

Peio Jorajuria Seaskako kideak salatu duenez, «gure haurren hezkuntza, Pariseko bulegoetako finantza arduradunen esku uzten dugu». Horren aurrean, ohartarazi dio «ez dugula sekulan gure herriaren geroa, hezkuntza gastu bat bezala konprentizen dutenen esku utziko».

Hezkuntza Ministerioak Seaska eta Euskararen Erakunde Publikoarekin izenpetu zuen hitzarmena ez duela bete gogora ekarri du, eta horregatik auzia «Euskal Herria eta Estatuaren arteko arazoa bilakatzen da».

«Jakizue, Estatuak Euskal Herria eta euskara errespetatu arte borrokatzeko prest girela», adierazi du.

25 irakasle gehiago behar dituzte

Seaskak 230 ikasle gehiago izango ditu heldu den urtean bere ikastoletan, eta horretarako 2018-2019 ikasturtean 25 irakasle gehiago behar dituen arren, Hezkuntza Ministerio frantsesak 5,5 baino ez ditu eman nahi, aurrekonturik ez dagoela argudiatuta.

Egoera hori salatzeko #kasuikastolakexu kanpaina abiatu du eta hainbat mobilizazio egin ditu azken egunotan. Asteazkenean, esaterako, 30etik gora elkarretaratze egin zituzten hainbat herritan.