NAIZ
DONOSTIA

Metroaren pasantearen lanak hasita, honen aurkako protesta areagotzeko deia Donostian

Donostiako metroaren pasantearen lanak bertan behera geratzeko eskatuz manifestazioa egin dute arratsaldean hiriburu gipuzkoarrean. Obrei ekinda «atzera bueltarik gabekoa» bihurtzeko saiakeran ari direla instituzioak salatu dute eta honen aurrean «martxan» jarraitzeko beharra azpimarratu dute Satorralaia mugimendutik. 

Metroaren pasantearen aurkako manifestazioa Donostian. (Satorralaia)
Metroaren pasantearen aurkako manifestazioa Donostian. (Satorralaia)

Beste behin ere Donostiako kaleak hartu dituzte gaur metroaren pasantearen aurkako protestan. Satorralaia bizilagunen mugimenduak deitutako martxan salatu dute «obrak hasi dituztela proiektua atzera bueltarik gabekoa bihurtu nahian» eta horregatik «egoeraren larritasunaren aurrean martxan» jarraitzeko beharra azpimarratu dute.

Antolatzaileen arabera mila lagun inguru elkartu diren manifestazioaren «Metroa berehala gelditu! Donostia ez zulatu! / Ni un metro más, que no hipotequen nuestra ciudad» leloa zeraman pankarta eraman dute. Gainera, «Porlanaren kofradia» gisa mozorroturik joan da herritar talde bat, Donostia eta Gipuzkoako agintarien karetak jantzita. 

Ana Gorostidik eta Imanol Esnanolak hartu dute hitza manifestazio amaieran Bulebarrean. Euren hitzetan, «nabaria da Donostian eraiki nahi duten metroaren pasanteak herritarren artean desadostasun zabala pizten duela». Salatu dute proiektua «era zeharo inposatzailean» garatu dutela, «herritarren protesta eta aldarrikapenen aurrean entzungor eginez». Metroaren proiektua ez dela beharrezkoa, «injustua eta jasangaitza» dela eta «herritarren parte hartzerik gabe inposatu» dela salatu dute. Satorralaiaren arabera hirian bertan eta eskualdean garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko «proposamen askoz ere arrazoizkoagoak eta eraginkorragoak» badaude.