NAIZ
TOLOSA

Txabi Etxebarrietari lore eskaintza Benta Haundin, hil zuteneko 50. urteurrenean

Datorren ostegunean beteko dira 50 urte Guardia Zibilak Txabi Etxebarrieta hil zuenetik eta hura gogoan lore eskaintza egin diote gaur hildako leku berean, Tolosako Benta Haundin. Ezker abertzaleko hainbat kide ezagunek parte hartu dute oroimen ekitaldian.

Benta Haundiko lore eskaintzaren ostean manifestazioan joan dira bertaratuak Tolosa erdigunera. (Jon URBE/FOKU)
Benta Haundiko lore eskaintzaren ostean manifestazioan joan dira bertaratuak Tolosa erdigunera. (Jon URBE/FOKU)

1968ko ekainaren 7an hil zuen Guardia Zibilak Txabi Etxebarrieta Tolosako Benta Haundin eta bertan gogoratu dute ETAko militante ezaguna lore eskaintza batekin gaur eguerdian. Etxebarrieta Memoria Elkarteak antolatu du oroimen ekitaldia, «betaurrekoak jantzi eta begirada bat bota dezagun askatasunera» mezua zabaldu du sarean.

Ezker Abertzaleko hainbat kide ezagunek parte hartu du lore eskaintzan; bertan ziren, besteak beste, Itziar Aizpurua, Juan Mari Olano, Ibon Arbulu, Xabier Alegria eta Karmele Aierbe. Baita Aitziber Ibaibarriaga ere, EH Bilduren Bilboko Udaleko bozeramailea eta Etxebarrietaren iloba.

Lore eskaintzaren ostean egindako ekitaldian Aizpuruak nabarmendu du «herri hau bizirik» dagoela eta «zutik» jarraitzen duela, «eskerrik asko honaino ekarri gaituzten militante guztiei, herri honen alde dena eman dutenei. Borrokak egiten gaitu aske», azpimarratu du.

Haimar Altuna Sortuko arduradunak ere hartu du hitza, «Txabik bezala, askatasuna dugu helburu. Txabik bezala, irabaztea dugu helburu. Irabaztea da aldaketa politikoa gauzatzea, burujabetzaren aldeko herri-proiektua eraikitzea, ezkerretik estatu bat eraikitzea. Lagunok, iritsi da irabazteko garaia!», adierazi du. Altsasuko gazteen aurkako epaia ere salatu dute Tolosan egindako ekitaldian.

Gaurkoaren ostean urtemuga zehatzean, heldu den ostegunean, beste bi ekimen antolatu ditu Etxebarrieta Memoria Elkarteak. Derion lore eskaintza egingo diote hilerrian eguerdian eta 19.00etan Bilbon manifestazioa egingo dute San Anton elizatik abiatuta. «Txabi. Begirada bat askatasunera», lelopean antolatu dituzte oroimen ekitaldiak.

AVTren protesta

Tolosako Euskal Pizkundea plazan izan den ekitaldian baztar batean AVT elkarteko lau kide egond ira, «egia, memoria, duintasuna eta justizia» zioen pankarta batekin. Egun berean izan zen Etxebarrieta berari egozten zaion Jose Antonio Pardines Guardia Zibilaren heriotza eta AVTko kideek adierazi dute guardia zibil honen memoriari «eraso zuzena» direla halako oroimen ekitaldiak.


Sortuk gaurko ekitaldiaren bideo laburpen hau hedatu du