Nerea GOTI

Aro berriak badu gogoetarako espazioa: Plaza Hutsa.eus

Aro berri baten aurrean, ezkerreko independentismoak herrigintzari begiratu nahi dio, bere koordenatu ideologikoan dagoen aberastasuna, tradizio kolektiboa eta ekarpenak biltze aldera. Energia badago, aktibazioa behar da, eta Plaza Hutsa da horretarako gunea.

Herrigintza den kontzeptu zabala hartuta, Plaza Hutsak eztabaida kolektiboa sustatzea du helburu nagusietako bat, ezkerreko independentismoaren ekarpen ideologikoa bildu, eta aldi berean komunitate hori aktibatu, antolatu eta trebatu, kontuan hartuta garaiak aldatu direla eta gaurko betaurrekoekin begiratu behar zaiola begi aurrean dagoen horri, ondo ulertzeko, hamarkadetan herrigintzan pilatutako esperientzia eta herrigintzarako sen hori berreskuratuta.

Espazio birtuala da, momentuz, baina fisikoa ere izango du Plaza Hutsak. Udazkenean bertan egongo da aurrez aurre plaza honek bildutakoaz hitz egiteko aukera nazio mailako tailer formatua izango duen ekitaldi batean. Zehazteke dago oraindik horren data eta lekua, baina lehenago izango da, jada badu-eta data, UEUk Iratzar fundazioarekin batera antolatu duen udako ikastaroak: “Herrigintza aro berri baterako begiradak”. Ikastaro-tailerra izango da, eta Eibarren egingo dute hilaren 28 eta 29an.

Foroa martxan dago jada eta analisi eta hausnarketa inspiratzailez betetzen ari da. Plazahutsa.eus klikatuta hel daiteke Interneteko leiho horretara, eta hainbat ahots agertuko dira atal eta formatu ezberdinetan. Horietan, hainbat arlotan aditu eta arituak direnen iritziak, gogoetak, analisiak, proposamenak... jasotzeko, eta era berean, kalean lan arlo eta borroka anitzetan dabilen komunitateak badu zer entzun, zer irakurri eta zer esan ere, «pertsona libre, eskubidez berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera» gisa aurkezten den plaza horretan.

Ahots desberdinak gaurko Euskal Herria marrazten duten diagnostikoa osatzen duten pieza gisako hausnarketak uzten ari dira foroan. Amets Arzalluzek bertsolaritzaz, euskaraz, kultur ereduaz.... hitz egin du plaza horretan elkarrizketatuta. Euskarari zentralitatea ematearen beharra nabarmendu du, besteak beste, eta erakundeek bultzatzen duten kultur ereduaz duen iritzia ere plazaratu du. Botatakotik zertzelada bat baino ez da jartzen duen adibide grafikoa: kultur eredu horretan kanpora gaudela beti erreferentzia bila gure baitan begiratu beharrean, instituzioetatik bultzatzen den kultur eredua gehiago dela BBK Life Euskal Herria Zuzenean baino, kanpora begira egongo garela MTVko izarrei begira Iruña-Veleiako ostrakak puskaturik eta aztertu gabe jarraitzen duten bitartean. «Kanpo eta handi lilura horrek» estaltzen du «gure baitan bila genezakeen zerbait», esanez laburbiltzen du bere kezka.

Hezkuntza munduan murgiltzen da Joxe Mari Auzmendik egindako analisia “Herri hezitzailea”-ren filosofia ardatz hartuta; ETAren ibilbidearen amaierak zabaldu duen aro berrian «dena irabazteko duen herria» garela aipatzen du Gotzon Barandiaranek baita «irabazle izatearen kontzientzia kolektiboa» ere; eta ondoan, elkarrizketa batean, Irati Jimenezek dio feminismoa «gure burua askatzeko tresna bat» dela, patriarkatua «kartzela» den moduan, eta «kartzelan ez luke inork egon behar».

Energia, transmisioa, trebakuntza...

Aipatutakoak Plaza Hutsak bildutako ahots batzuen hausnarketa batzuk baino ez dira, Amaia Zufiaren eta Saioa Iraolaren hitzak ere badaude, Beñat Zarrabeitiaren ekarpena... Ezkerreko independentismoaren komunitateak hitz egiteko plaza da foroa, eta helburua ez da soilik gogoetak amankomunean jartzea edota errealitatearen azterketak plazaratzea. «Ezker independentismoa bada komunitate bat antolatua, espazio ezberdinetan eragiten eta egiten duena eta momentu honetan martxan dauden prozesu sozialei ezkerreko independentista ikuspegitik ekarpen bat egitea bilatzen dugu», azaldu du Pello Otxandiano ekimeneko sustatzaileak.

Otxandianok azaldu duenez, askotan iraganeko garaiez hitz egin ohi da nostalgia apur batekin gaur egun dagoen energia sozialari gehiegi erreparatu gabe, edo duen garrantziaz ohartu gabe, baina Euskal Herriak gordetzen du herrigintzarako den aktibo nagusi bat, «tradizio komunitario» handi bat eta energia sozial bat, eta kaleek hori erakutsi dute azken hilabeteetan.

Nabarmentzen duenez, komunitate horrek hamarkadetan landutako legatua du hainbat lanetan, eta horren transmisioa ere ziurtatu nahi dute, neurri handi batean, baina horrekin batera Plaza Hutsaren beste helburu nagusietako bat herrigintzan dabilen komunitateari trebatzeko aukera ematea da.

«Herrigintza inpultsu potente bat egon zen frankismoan, 60ko hamarkadan herria aktibatzeko eta zeuden erronkei eusteko, herri zibiletik egin izan zena izan zen gakoa, eta iruditzen zaigu inpultsu berri bat behar dela herri honek aurrean dituen erronkei erantzuteko», dio Otxandianok. Era berean, Plaza Hutsa espazio kolektiboa izanik, proiektu txikiak eta gaur egun oso sakabanatuta dagoen «inteligentzia kolektibo» horren espazioa izan nahi du, aberastasun eta aniztasun horri bide emanez. «Ezkerreko independentismoaren koordenatu politiko-ideologikoan kokatzen den espazio bat da, baina inori ez zaio parte hartzeko beste ezer eskatuko», argitzen du.