NAIZ
BILBO

Maiatzak 3.286 langabe gutxiago utzi ditu Hego Euskal Herrian

Enplegu Ministerio espainiarrak emandako datuen arabera, langabezia erregistratuak behera egin zuen maiatzean Hego Euskal Herrian, aurreko hilabetean baino 3.286 langabe gutxiago zenbatu baitituzte. 156.137 pertsona daude Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda.

Lanbideren bulego bat, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Lanbideren bulego bat, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Enplegu Ministerio espainiarrak kaleratutako datuek adierazten dutenez, 3.286 langabe gutxiago utzi ditu maiatzak Hego Euskal Herrian.

Jaitsierarik nabarmenena Nafarroan eman da, apirilean baino 1.183 langabe gutxiago zenbatu baitituzte maiatzean (%3,43) gutxiago. Orotara, 33.336 pertsona daude herrialde honetako enplegu bulegoetan izena emanda, duela urtebete baino 3.437 gutxiago (%9,35 gutxiago).

Bizkaian, %1,97koa izan da jaitsiera maiatzean, 1.419 pertsona gutxiago ari baitziren lan bila. Iazko hilabete berarekin alderatuta, jaitsiera %8,12a izan da (6.232 pertsona).

Araban, %1,36koa izan da jaitsiera, 275 lagun atera baitira enplegua bilatzeko zerrendetatik. Iazko zenbakiekin konparatuz gero, tasak %7,91 egin du behera (1.709 lagun).

Gipuzkoan, aldiz, aurreko hilabetean baino 409 lagun gutxiago zeuden enplegu bulegoetan izena emanda, hau da, %1,25 gutxiago. Iazko datuak ikusita, jaitsiera %9,75ekoa izan da (3.494 pertsona).

Guztira, 156.137 lagun zeuden maiatzaren bukaeran Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda.

Estatu espainiarrean, %2,5 egin du behera langabezia erregistratuak maiatzean (83.738 pertsona). Guztira, 3.252.130 langabe daude.